Aurrera doaz Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak, eta azken asteetan asko izan dira Soreasu antzokira nahiz Dinamoa sormen gunera bertaratu diren antzerkizaleak. Aste honetan ere izango da zertaz gozatua, eta dagoeneko programatutako obra baterako sarrera guztiak agortu dira. Hain zuzen, ostegunean Hegan egiteko gogoa antzezlana eskainiko dute Piszifaktoria ideien laborategiko kideek 19:00etan, eta sarrerak agortu direnez, bigarren pasea antolatu dute egun horretarako. Beraz, obra hori ikusi nahi dutenak garaiz dabiltza oraindik. Hemen eros daitezke sarrera.
Hegan egiteko gogoa antzezlanaren bigarren pasea 20:00etan hasiko da, eta aurrenekoa bezala, Soreasu antzokian izango da. Buruko gaitzek eta neurodibergentziak eragiten duten barne-ezinegona du ardatz, eta "murgiltze esperientzia" gisa hartzen dute sortzaileek. Izan ere, ikuskizun ikusezin gisa diseinatuta dago, ikusmena alde batera utzita bizitzeko. Ikusleek begiak estalita parte hartzen dute, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena erabilita. Modu horretan, ikuslea bera ere bihurtzen da piezaren protagonista, instalazio sentsorial baten barruan. Ikusmenik ez dagoenez, pieza erabat irisgarria da pertsona itsuentzat.