Amets Sorazu: "Bizitzari aurre egiteko gaitasunak ematen dizkigu sormenak"

Nerea Uranga

Amets Sorazu Kulturaz kultur kooperatibakoa. (Nerea Uranga)

Kulturaz kultur kooperatibaren hezkuntza arloko sormen proiektuak aurkeztuko ditu Amets Sorazuk ostiralean Dinamoa sormen gunean, Oinherrik-eta antolatutako kultur hezkuntza komunitarioaren inguruko jardunaldian.

Kultur hezkuntza komunitarioa, lan ildo berria, lantzen ari da Oinherri, Artaziak kooperatibarekin batera. Ildo hori oinarri hartuta, ostiralean Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen. Kultur eskubideak herri hezitzailearen ikuspegitik jardunaldia egingo dute, 09:00etatik 14:00etara, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Jardunaldia kultur eragile, teknikari, zinegotzi, erabiltzaile, sortzaile edota zaleei zuzendutakoa da, eta Euskal Herri osoko 55 bat herritarrek eman dute izena parte hartzeko. Jardunaldien barruko esperientzien azokan, Amets Sorazuk (Azpeitia, 2000) Kulturaz kultur kooperatibaren hezkuntza arloko sormen eta transmisio poiektuak azalduko ditu.

Kultur hezkuntzaren inguruko jardunaldietan, esperientzien azokan parte hartuko du Kulturazek, hezkuntza arloko sormen eta transmisio proiektuak azalduz. Zeintzuk dira proiektu horiek?

Kulturaz kultur kooperatiban martxan ditugun proiektuak honakoak dira: Txinaurriak, Sorginorratzak, eta oraindik sortze prozesuan dagoena, Laiari izenekoa. Hasi aletzen. Txinaurriak da urte gehien dituen proiektua. Zeintzuk dira egitasmo horren ezaugarriak? Txinaurriak hezkuntza sistemaren barruko proiektua da, hezkuntza formaleko orduen barruan egiten delako, baina ez da hezkuntzako currriculumekoa. Herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin abian jarritako proiektua da. Azpeitiko ikastetxeetako ikasle denek, ikas ziklo bakoitzean behin, parte hartzen dute proiektuan: HH 5eko, LH 4ko, DBH 3ko eta Batxilergoko lehen mailako ikasleak dira horiek. Dinamoa sormen guneko espazioa lau eremutan dugu banatuta: Gorputza, Irudia, Hitza eta Soinua. Era horretara, lortzen dugu ikasle bakoitzak eremu bakoitzean tailer batean parte hartzea, bere hezkuntza sistema barruko ibilbidean.

Abian duzuen beste proiektua Sorginorratzak da. Zer alde du Txinaurriakekin?

Sorginorratzak eskola orduetatik kanpoko eskaintza da. Txinaurriak ikasle guztiengana iristeko helburua duen proiektua da, eta horregatik dago hezkuntza sistemaren barruan. Sorginorratzak, berriz, guraso elkartearen eskariz abiatu zuen Kulturazek. Kirolean bezalako zerbait kulturan egitea proposatu zuen guraso elkarteak. Hau da, kiroletan, kirol bat ala bestea probatzeko aukera ematen zitzaien ikasleei, eta behin probatutakoan, haurrek aukera zuten erabakitzeko zein kirol zuten gustukoena. Kulturan ez zegoen horrelako eskaintzarik, eta gurasoen esku gelditzen zen seme-alabak antzerkira-eta apuntatzea, haien umeek hori gustukoa zutelakoan. Eskaera horri erantzuteko, Sorginorratzak sormen laborategia jarri genuen martxan, eta bertan parte hartzen dutenek zortzi kultur diziplina ezagutzen dituzte. Helburua da haurrek probatzea, eta gero erabakitzea zein diziplina duten gustuko. Aurreko ikasturtean egin zen Sorginorratzaken lehenengo edizioa, eta han ibilitako batzuk aurten antzerkian, musika eskolan edota Arte eta Diseinu Ikastegian eman dute izena. Alegia, gehien gustatu zaien hori egiteko, herrian martxan dauden eragileetara jo dute.

Sortze bidean duzuen proiektu berria da Laiari. Zer du berritik?

Herrian badira beste eragile asko, hezkuntza sistemaren barruan zein hortik kanpoko daudenak: Izarraitz Lanbide Heziketa, Udal Euskaltegia, Helduen Eskola, Emakumeen Txokoa, Atzegi... Laiari proiektuaren bidez, eragile horiekin elkarlanean aritzea da helburua. Izan ere, askotan kolektibo zaurgarrienetako hainbat pertsona eragile horien bueltan biltzen dira: herrira bizitzera etorri berriak, hezkuntza sistematik kanpo gelditutako pertsonak... Asmoa da eragile horiekin harremanetan jartzea eta gure eskaintzan aukera batzuk ematea, zer tailer egin izan ditugun azalduz eta abar. Era horretan, elkarrekin lantzeko interesgarria zer izan daitekeen erabakitzeko aukera izango dugu. Dagoeneko podcast edota fanzine tailerrak egin ditugu Helduen Eskolakoekin, euskaltegikoekin edota Izarraitz Lanbide Heziketakoekin. Proiektuak helburua-eta zehaztuta ditu, baina pixkanaka joango gara zabaltzen. Izan ere, gure lantaldea murritza da eta denera iristeko zailtasunak ditugu. Esaterako, Atzegikoekin hitz egin dugu dagoeneko, eta Emakume Txokoarekin hiru tailer ditugu hitzartuta. Azken batean, eragile bakoitzak bere kolektiboa du, askotariko eragileak dira eta oso zaila da proiektu bakarrean denak barnebiltzea. Hori nola egin aztertzen ari gara.

Zer-nolako erantzuna izan dute proiektuek herritarren artean?

Hasieran, pixka bat kostatutakoa izan zen Txinaurriak, ikastetxe bakoitzak bere dinamika duelako. Dagoeneko, baina, uste dut lortu dugula ikastetxe bakoitzaren agendan Txinaurriak proiekturako hitzorduak txertatzea. Askotan, gainera, ikasleak ikastetxetik aurrelanketa eginda etortzen dira Dinamora, saioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Oso harrera ona izan du. Sorginorratzaken kasuan, aurten izena emandako gehienek aurreko urteko partaideek gomendatuta egin dute, eta alde horretatik, zorteko gara. Bigarren edizioa da egiten ari garena, haurrak oso gustura dabiltza eta gu ere gustura gaude.

Zergatik da garrantzitsua kultur hezkuntza jorratzea?

Kultura edo sormena lantzea bizitzako beste edozein esparrutarako baliagarria da, ez da kontua ondo pintatzen ikastea edota instrumentu bat oso ondo jotzen ikastea. Arazo baten aurrean bide desberdinak topatzen jakitea da sormena, edota galdera baten aurrean adierazteko era askotako moduak topatzea. Sormenak bizitzari aurre egiteko gaitasun batzuk ematen dizkigu eta horiek beharrezkoak dira gaur egungo gazteentzat ere, bide oso ona baita gaitasun kritikoa lantzeko. Gaur egun, gazteek ikus-entzunezko asko kontsumitzen dituzte, eta informazio gehiena ikus-entzunezkoetatik jasotzen dute. Horregatik, beharrezkoa da haurrek eta gazteek ere gaitasun kritikoa izatea eta arazoei aurre egiteko eta barruan dutena espresatzeko bideak lantzea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide