Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da azaroaren 25a, asteazkena, eta Urola Erdiko Itaiak eta Azpeitiko Feministen Sareak prest dituzte egun horren bueltan antolatu dituzten ekintzak. Urola Erdiko Itaiak, esaterako, hiru hitzordu antolatu ditu datozen egunetarako. Datorren ostiralean zabalduko dute egitaraua haiek, Basazabal jauregian eskainiko duten Etxebizitza, emakumeon aurkako indarkeria espazioa izeneko hitzaldiarekin. 18:00etan hasiko da solasaldia.
Zapatuan, berriz, Azaroaren 25erako prestaketak lanak egingo dituzte, Azoka Plazan. "Lan eguna" izendatu dute emakumeen antolakunde sozialistakoek datorren larunbata, eta 11:00etatik aurrera, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bueltako lanketa gauzatuko dute. Azaroaren 25an, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, egingo duten mobilizazioarekin itxiko dute egitaraua. Herriko plazatik abiatuta, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean egingo dute manifestazioa (19:00).
Azpeitiko Feministen Sareak, bestalde, elkarretaratzea egingo du azaroaren 25ean, Ez ginen atzera egiteko jaio lelopean (18:30). Plazan egingo duten protesta ekitaldiarekin bat egiteko deia luzatu diete haiek herritarrei: "Ez dugu atzera egingo eta ez gara isilduko! Faxismoaren, matxismoaren eta emakumeon* eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen aurrean, kaleak hartuko ditugu. Indarkeria matxistaren aurpegiak eta ondorioak salatzeko, faxismoaren aurkako estrategia onena feminismoa delako, denok kalera!".