Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) euskal aktoreen lana aitortu eta saritzen du urtero Besarkada sarien bidez. Antzerkian, fikziozko telesailetan eta zineman egindako interpretazioak saritzen ditu, hain justu, eta aurten 21. edizioa ospatu du. Sari banaketa ekitaldia atzo iluntzean egin zuten, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Fikziozko telesailen kategorian, Nagore Aranburu aktore azpeitiarrari eman zioten emakume aktore onenaren saria, Querer telesailean egindako lanagatik. Aranburu ez zen ekitaldian bertan izan, baina esker oneko hitzak bidali zituen. "Querer telesailak ibilbide luze eta oparoa izan du, baina etxean bidea bukatzea eta lankideek emandako saria jasotzea oso berezia da", adierazi zuen.
Antzerkiaren kategorian, berriz, Erika Olaizola aktore azpeitiarra izan zen emakume aktore onenaren sarirako hautagaien artean, Kaka antzezlanean egindako lanari esker. Olaizolaz gain, beste lau aktore zeuden izendatuta: Aitziber Garmendia (Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?), Ane Pikaza (Adiorik ez), Ainara Gurrutxaga (Itzulera) eta Miren Alcala (Itzulera). Azkenean, Ainara Gurrutxagak eskuratu zuen kategoria horretako saria.