Azoka Plazako aretoa bete egin da Esnatu dinamikaren aukezpenerako

Nerea Uranga

UEMAren Esnatu dinamikaren aurkezpena atzo, Azoka Plaza aretoan.

UEMA herriz herri aurkezten ari da, Euskal Herriko beste hainbat eragilerekin batera, abian jarri duen Esnatu dinamika. Atzo arratsaldean dinamikaren berri emateko hitzaldia izan zen Azpeitian, eta Azoka Plazako aretoa herritarrez bete zen.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Euskal Herriko beste hainbat eragilerekin batera, Esnatu dinamika jarri du abian aurten. Azpeitian atzo arratsaldean aurkeztu zuten Esnatu dinamika jendaurrean, Azoka Plazako goiko aretoa jendez beteta zela. Nagore Alkorta alkateak eta Ale Goikoetxea UEMAren Urola Erdiko teknikariak hartu zuten hitza. Alkortak adierazi zuen UEMAk proposatutako dinamika "interesgarria" dela, "konpromiso zehatzak hartzeko" proposamena egiten duelako. "Seguru elkarrekin jardunda emaitza hobeak izango direla", gaineratu zuen alkateak.

Alkatearen ostean, Goikoetxeak zenbait ikerketatan ateratako datuak aletu zituen, eta gaur egungo egitekoarekin jarraituz gero, Azpeitia bezalako udalerri euskaldunenetan ere euskarak atzerantz egingo duela adierazi zuen. Egoera horri erantzuteko abiatu dute Esnatu dinamika; herriz herri dauden eragileak ahalduntzeko eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileek konpromisoak hartzeko. "Azpeitia moduko eremuak desagertuz gero, asko azkartuko litzateke euskararen desagerpena", adierazi zuen UEMAren teknikariak.

Dagoeneko, Azpeitiko hainbat eragilek beren konpromisoak hartuta dituzte, eta zein konpromiso hartuta dituzten azaldu zuten atzoko aurkezpenean Kulturaz kultur kooperatibak, Artxara kooperatibak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak. Esnatu dinamikaren berri izateko eta konpromisoa adierazteko Esnatu dinamikaren webgunera jo daiteke.


Esnatu dinamikaren aurkezpenera joandako herritarrak, atzo Azoka Plazako aretoan. (Azpeitiko Udala)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide