Haurren igeriketako bigarren hiruhilekoko –urtarrilaren 11tik apirilaren 9ra artekoa da– ikastaroan izena emateko epea zabalduko du udalak datorren astelehenean, eta azaroaren 23tik 27ra eman ahalko da izena udal igerilekuan. Izena emateko orduan lehenengo hiruhilekoko ikastaroetan parte hartu duten haurrek izango dute jarraitzeko lehentasuna, eta 4 urtetik gorakoen kasuan, igeri mailaren balorazioaren arabera, posible izan daiteke taldea, eguna edota ordutegia aldatu behar izatea. Lehendik igeri ikastaroan dabiltzanek, igerilekuko harreran azaldu beharko dute jarraitu nahi duten ala ez.
Igeriketa ikastaroarekin jarraitzeko asmorik ez dutenek baja orria bete beharko dute udal igerilekuaren harreran, eta ikastaroarekin segitu nahi dutenen kasuan, berriz, Izen emateko orriak harreran jaso eta beteta itzuli beharko dituzte. Lehen hiruhilekoan igeri ikastaroko itxaron zerrendan geratu zirenek ere berriro eman beharko dute izena.
Behin izena emateko epea bukatutakoan, gelditzen diren plaza libreak zozketa bidez esleituko ditu udalak. Ikastaroak mailaren arabera osatzen dituztenez, datorren ostiralean, azaroaren 27an frogak egingo dituzte. Eskaintzaren inguruko zalantzak edo informazio gehiago nahi dutenek igerilekuko harreran galdetu dezakete edota 943-81 41 21 telefono zenbakira deituta.