Tamara Lunger alpinista eta eskiatzaile italiarra Azpeitian izango da datorren asteazkenean, hilaren 25ean. Lehen aldiz bisitatuko du Euskal Herria, eta Mendietxe museoan izango da, 19:00etan, mendiko eta alpinismoko bere esperientziak partekatzeko.
Alpinismoaren munduan egindako ibilbideagatik ezaguna da Lunger, eta goi mendiko espedizioetan eta eski zeharkaldietan bizitakoak izango ditu hizpide asteazkeneko hitzorduan. Hala, mendizaletasunaren inguruko esperientziak gertutik ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sarrera doakoa izango da.
Hitzordu hau abenduan Lagun Onak mendi bazkunak ospatuko duen Mendi Astearen aurrerapen gisa antolatu dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, alpinistaren agendak behartuta aurreratu dute saioa abenduko egitarau ofizialetik. Hitzaldia elkarlanean antolatu dute Lagun Onak mendi bazkunak, Mendietxe museoak, Sokaitz eskalada taldeak eta Domusa Teknik 40 MLK lasterketak, besteak beste.