Azpeitiko Udalak ostalaritza eta aisialdi jardueretarako establezimendu berriak irekitzeko araudia aldatzea erabaki du. Udalbatzak azaroaren 3an onartu zuen proposamena, aho batez, eta aldaketaren helburua da herriko ostalaritza establezimenduen banaketa eta irekiera baldintzak egungo egoerara egokitzea.
Izan ere, azken urteotan aldaketa nabarmenak izan dira herriko ostalaritzan: hainbat establezimendu itxi egin dira, eta beste batzuk ireki. Egoera horren aurrean, udalak beharrezkotzat jo du establezimendu berriak irekitzeko baldintzak arautzen dituen ordenantza eguneratzea.
Aldaketak, zehazki, ordenantzaren 11. artikuluari eragingo dio. Artikulu horrek establezimenduen arteko distantziak eta baldintza bereziak dituzten eremuak arautzen ditu.
Lizentzia berriak emateko aukera gehiago
Aldaketa nagusietako bat orain arte saturatutzat hartzen ziren eremuen sailkapenean dago. Aurrerantzean, betebehar bereziko eremuak izango dira, eta horietan ostalaritza establezimendu berriak irekitzeko lizentziak emateko aukera zabalduko da. Hala ere, horrek ez du esan nahi establezimendu berriak mugarik gabe ireki ahal izango direnik. Eremu bakoitzean gehienez zenbat ostalaritza establezimendu egon daitezkeen zehaztuta egongo da, eta baldintza horiek bete beharko dira.
Establezimenduen arteko gutxieneko distantziari dagokionez ere aldaketak egingo dira. 25 metroko distantzia mantenduko da, baina 3. eta 4. taldeetako establezimenduen artean soilik.
Herritarren ekarpenak jasotzeko epea, zabalik
Ordenantzaren aldaketak hasierako onarpena jaso du, baina oraindik ez da behin betikoa. Proposamena jendaurrean egongo da abenduaren 28ra arte, eta epe horretan herritarrek aukera izango dute beren iritziak eta ekarpenak aurkezteko.
Lotura honetan kontsulta daiteke ostalaritzan eta aisialdiko jardueretan arituko diren establezimenduak jartzea arautuko duen udal agintaraua.