Itaia hasi da azaroaren 25era begira antolatutako ekintzekin. Ohiko propaganda lanez aparte, atzo hitzaldia eskaini zuten Betharrametako frontoian, etxebizitzaren auziaz eta indarkeria matxistaz. Hain zuzen, emakume langileek etxebizitza batera sarbidea izateko dituzten zailtasunak, kalitatezko etxebizitza bermatua ez izateak haiengan dituen ondorioak eta indarkeria matxistak etxebizitzetan dituen ondorioak ikertu dituzte Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Itaiak. Etxebizitza, emakume langileon indarkeria-espazio. Hego Euskal Herriko erradiografia izeneko ikerketa-txostena egin dute berriki, datuak, analisia eta emakumeen testigantzak jasota. Txosten hori izan zuten hizketagai atzoko solasaldian.
Hitzaldian zehar aipatu zituzten, besteak beste, "etxebizitzaren auziak eta indarkeria matxistaren arazoak gaur egun hartzen duten forma zein elkarren arteko loturak, etxebizitzarako sarbidean genero arrakala nola ari den handitzen, nola ez diren iristen arazoari aurre egiteko baliabideak, errealitatearen eta diskurtso instituzionalaren arteko kontrastea eta kontrol burokratikoa".
Gaur jarraituko dute Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren atariko ekintzekin. Goizean, 11:00etan hasita, azaroaren 25era begirako lan eguna egingo dute Azoka Plazan.
Azaroaren 25ean, 19:00etan, egingo du elkarretaratzea Itaiak Azpeitiko plazan. "Azaroaren 11n espekulatzaileen aurka eta etxebizitza eskubidearen alde atera ginen kalera. Bada, mobilizatzen jarraitu behar dugu. Azaroaren 25ean, diskurtso matxisten zein faxisten aurka eta matxismoaren aurkako indar politiko independetea osatzearen alde aterako gara kalera", diote.