Auto klasikoen udazkeneko bosgarren rallya martxan da. 51 ibilgailu lehiatuko dira Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatu duten erregulartasun rallyan, eta 11:00ak puntuan zirela jarri da martxan proba. Ordu horretan irten da 1 zenbakidun autoa epaitegien aurreko aparkalekutik, eta haren atzetik joan dira banan-banan abiatzen gainerakoak, segundo gutxiko tartearekin. Rallya hasi aurretik, aipatu aparkalekuan egon dira parte hartuko duten ibilgailu guztiak eta, ohi bezala, autozaleeb ikusmina piztu dute.
Gipuzkoako eta Nafarroako errepideetan 248 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, eta bidean, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) bazkaltzeko elkartuko dira guztiak. Antolatzaileen aurreikuspenak betetzen badira, 19:10 alderako itzuliko dira ibilgailuak epaitegien aurreko aparkalekura. Udazkeneko Klasikoaren emaitzak jarraitzeko aukera izango da Anubesport webgunean.