Dakien bezala ospatu du bandak Santa Zezilia

Mailo Oiarzabal

Sanagustinen kontzertua ematen duenero bezala, kulturgunea musikazalez bete du bandak musikarien zaindariaren bezperako emanaldian ere, eta haien txalo artean aletu dute gaurko errepertorioa. Aurretik, kalez kale ere ibili dira bandakideak.

Urteko hitzordu kutunenetakoa bete du gaur Azpeitiko Udal Musika Bandak. Santa Zezilia bezperan, musikarien zaindariaren egunaren bueltan bandak urtero egin ohi duen ospakizunaren txanda izan da gaur eguerdian Sanagustin kulturgunean. Eta han kontzertua ematen dutenero bezala, kulturgunea beteta zela eta esker oneko txalo artean egin dute saioa bandakideek.

12:30ean hasi da kontzertua, baina 11:40 alderako irten dira kalera bandakoak, eta kalejiran, Alde Zaharra musikaz betez, iritsi dira plazaraino. Han, Azoka Plazako eskaileretan jarrita, familia argazkia atera dute.

Sanagustinen, berriz, Unai Frantsesenaren gidaritzapean aritu da banda. Zazpi piezaz osatutako errepertorioa Hiroki Takahashiren Courageous Entry-ren doinuekin ireki ondoren, gaurkoan bandarekin lehen kontzertua eman duten musikariak aurkeztu dituzte. The Witch and the Saint (Steven Reineke), Satiric Dances (Norman Dello Joio), Sweet Memories (Masaaki Omura / Mold. Kiyotaka Nakajima), The Clapping Song (Randall D. Standridge),; Sanjuanito (Victoriano Valencia Rincón) eta Eloise (Paul Ryan / Mold. Philip Sparke) etorri dira jarraian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide