Antolatzaileek aurretik iragarritako pronostikoak beteta, Imanol Zengotitak eta Joseba Rodriguezek (Peugeot 205 GTX) irabazi dute Azpeitiko Udazkeneko V. Klasikoa. Elgoibarko (Gipuzkoa) gidariak eta Irungo (Gipuzkoa) kopilotuak jantzi zituzten atzo txapelak Lagun Arteak eta Urrakik antolatutako proban. Bigarren sailkatu ziren Txema Forondak eta Pilar Rodasek (BMW 325ix) eta hirugarren tokian amaitu zuten Iker Arratek eta Berdaitz Larrartek (Citroën ZX 16V) osatu zuten podiuma.
51 ibilgailuk parte hartu dute aurten auto klasikoei zuzendutako udazkeneko erregulartasun rallyan, eta sari nagusiez gain, beste hainbat ere banatu zituzten atzokoan: Maddi Esnaolak eta Iratxe Gerestak jaso zuten emakumeek osatutako talde onenarena; kategori desberdinen sariak Joseba Ormazabalentzat eta Amets Maciasentzat, Javier del Cidentzat eta Joxemiel Zendoiarentzat, Eneko Elizondorentzat eta Joseba Iparragirrerentzat, eta Jorge Martinez Markinezentzat eta Gorka Bollarrentzat izan ziren; Jorge del Cidek eta David Carrerok jaso zuten zero gehien pilatu zuen taldearen saria, Arrastakarentzat izan zen eskuderia onenearen saria, eta Javi Gallegok eta Iñigo Irazabalek jaso zuten azken sailkatuarena.
Azpeitiko Udazkeneko V. Klasikoaren saridunak eta antolatzaileak. (Utzitakoa)