Bi garaipen, eta gainera, zaleen aurrean

Aitziber Arzallus

Gizonen taldeak zapatuan jokatu zuen Eibar C-ren kontra, emakumeenak atzo Añorgaren aurka, biek ala biek Garmendipen, eta biek irabazita, etxean gelditu ziren jokoan ziren puntu guztiak. 

Astelehena beti astelehen, baina gaurkoa beste astelehen batzuk baino gozoagoa izango da Lagun Onaken talde nagusietako jokalarientzat eta haien zaleentzat. Asteburuko emaitzak ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen duten gizonek 5-1 irabazi zioten Eibar C-ri zapatuan Garmendipen, eta Ohorezko Erregionalen Mailan jokatzen duten emakumeek 2-0 garaitu zuten Añorga atzo Garmendipen. Partida bakoitzean jokoan ziren hiruna puntuak etxean gelditu ziren beraz, eta gainera, jokalariek zein partida ikustera bertaratu ziren zaleek gozatua hartu zuten.

Gizonak gogotsu zelairatu ziren larunbat arratsaldean, eta partida hasiera nahiko eroa izan zen, Lagun Onakeko jokalariek ez ezik, Eibarrekoek ere eurentzat nahi baitzuten baloiaren jabetza. Armaginak erasoan hasi ziren, baina ez zuten aukera garbirik sortzen Bastidaren atearen aurrean; aldiz, etxeko jokalariek, bai, eta 28. minututik 39. minutura bitartean garbi erakutsi zuten zertarako gai ziren, hiru gol bata bestearen atzetik sartuta. Kepak egin zuen aurrena, Urkok bigarrena eta Yudegok hirugarrena. Hortik aurrera, zelaian erabateko nagusitasuna izan zuten Lagun Onakeko jokalariek, eta nahi eta ezina nabari zitzaien Eibarrekoei. 

Bigarren zatian, Danel Barriola izan zen protagonista, etxekoentzat beste bi gol sartu baitzituen: bata 64. minutuan eta bestea 76. minutuan. Partida erabakita zegoen arren, Eibarrekoek ez zuten guztiz etsi, eta 83. minutuan gol bat egitea lortu zuten. Horrela, markagailuan lau golen aldearekin iritsi ziren partidaren bukaerara.  

Emakumeak ere ondo sartu ziren atzo arratsaldean Añorgaren kontrako norgehiagokara. Horren erakusgarri, lehendabiziko 20 minutuetan aurkarien zelai erditik atera ere ez zirela egin, eta ordu laurdena igarotzerako sartu zutela aurreneko gola. Hain zuzen ere, 14. minutuan, Amane Goenagak ateratako korner bat bikain errematatu zuen Joane Kortak, eta Añorgako atezainak ezin izan zuen ezer egin. Lehen zatiaren bukaeran gora etorri zen Añorga, eta pixka bat sufritu zuen Lagun Onakek, baina atsedenaldira markagailuan gol baten abantailarekin iristea lortu zuen etxeko taldeak.

Bigarren zatian, bi taldeetako inor ez zen nagusitu zelaian, eta baloi luze askoko jokoa gailendu zen etxekoen zein kanpokoen aldetik. Hala ere, Lagun Onakeko jokalariak gertuago ibili ziren Añorgakoen atetik, alderantziz baino, eta halaxe, 89. minutuan, beste korner bat baliatu zuten bigarren gola sartzeko. Amane Goenagak atera zuen hura ere, Joane Kortak buruz errematatu zuen bigarren zutoinaren paretik, eta Amane Iglesias izan zen baloia sareratu zuena, buruz. Horrela iritsi ziren partidaren bukaerara, 2-0 etxekoak aurretik zirela, eta horrenbestez, atzo jokoan ziren hiru puntuak ere Azpeitian gelditu ziren.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide