Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, da bihar. Egun horren bueltan, bihar indarkeria matxistaren aurka mobilizatzera deitu dituzte herritarrak Urola Erdiko Itaiak eta Azpeitiko Feministen Sareak.
Azpeitiko Feministen Sareak elkarretaratzera deitu du bihar, 18:30ean plazan. Ez ginen atzera egiteko jaio lelo hartuta egingo duter protesta, eta mobilizazioarekin bat egiteko deitu dituzte herritarrak: "Ez dugu atzera egingo eta ez gara isilduko! Faxismoaren, matxismoaren eta emakumeon eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen aurrean, kaleak hartuko ditugu. Indarkeria matxistaren aurpegiak eta ondorioak salatzeko, faxismoaren aurkako estrategia onena feminismoa delako, denok kalera!".
Itaiak, berriz, Azaroaren 25erako prestaketak joan den larunbatean egin zituzten, eta biharko, 19:00etan plazatik irtenda, manifestaziora deitu dute. Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelo hartuta egingo dute mobilizazioa. "Alderdi eskuindarrek eta inlfuencer matxistek zabaldu nahi digutenaren kontra, indarkeria matxistak emakume askoren eguneroko ogi izaten jarraitzen du. Bitartean, gobernuan dauden alderdiak indarkeria matxista bezalako gaiak ari dira erabiltzen hauteskunde kanpainarako, azken urteetan arazoa kudeatzera eta ogi apurrak banatzera mugatu direnean. Horrela, urte hauetan okerrerako aldatu zaigu errealitatea emakumeoi: ideia atzerakoiek geroz eta leku handiagoa dute gizartean, eta indarkeria matxista gogortzen eta areagotzen ari da. Horren aurrean, Itaiak argi du: kale mailako antolakuntza eta mobilizazioa indartzea ezinbestekoa da".
Ikasleen mobilizazioak
Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) deituta, Azaroaren 25ari lotuta, ikastetxeetan hitzaldiak eta elkarretaratzeak egingo dituzte bihar, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! lelo hartuta. Izarraitzpeko ikasleek 10:00etan jarri dute hitzordua Perdillegiko kirol aretoan eta 13:00etan miserikordiako eraikinaren atarian. Ikasberrin, 09:45ean jarri dute hitzordua, aretoan eta Iraurgin, 11:00etan, aretoan.