1960-1975 Herri bat berriz zutitzen liburua aurkeztu du gaur Pako Aristik Donostian, Elkar argitaletxearekin. "Liburu inportantea" dela nabarmenduz hasi du Xabier Mendiguren Elizegi editoreak urrestildarraren lan berriaren aurkezpena. Liburuko izenburuan zehazten bezala, 1960tik 1975. urtera arteko hamabost urtekoan Euskal Herrian gertatu zen suspertzeari buruzko liburua da. Mendigurenek gogorarazi du garai artean munduan halako "mugitze giro bat" bazegoela, baina Aristik liburuan Euskal Herriko giroa jaso duela: "Rock and rolla, Beatles taldea, punka... musikan. Politikan, Argeliako indepentzia, Kubako iraultza, Kennedy hil zuten... gertatu ziren munduan. Baina nazioarteko testuingurutik kontatu ordez, Euskal Herritik kontatu du kulturan, ekonomian, politikan.. zegoen mugimendua". Editorearen arabera, liburu zabala eta entretenigarria egin du Aristik, "ez da ohiko historia liburu bat".
Liburua egiteko proposamena Goiztiri elkartearen eskutik jaso zuen Aristik. Egitekoa onartu ala ez zalantzan egon zen denbora askoan, "erronka handia" iruditzen zitzaiolako 1970ko hamarkadako kronika egitea. "Euskal Herriaren oinarriaren gehientsuena garai hartan gertatu zen, hiltzen eta iraungitzen ari zen euskal tradizioa berpizteko: euskara batua, ikastolak, Aberri Eguna, ETA, kooperatibak, euskal kantagintza berria, artisten mugimenduak, Euskal Jaiak, dantza taldeak... Gauza piloa sortu ziren, eta horri guztiari nola heldu?". Esan du aurkezpenean idazleak, jasotako proposamenak hasieran sortu zizkion zalantzak azalduz.
Garaiko, 1960-1975 hamabostaldiko, dokumentazio faltarik ez dago Aristiren esanetan, eta dokumentazio hori guztia egin eta jaso dutenak eskertu ditu liburu berriaren aurkezpenean. "Dokumentaziorik gabe ez baitago herri baten historia idazterik", gaineratu du. Dokumentazio ugari bai, baina dena zatika dagoela esan du, "gaika". Horregatik, mugimendu haiek denak nondik sortu ziren ulertzeko "gogotik ikasi" behar izan zuen, baina gustatu zaio ikasketa prozesu hori Aristiri, "asko aberastu" duelako.
Irakurlea "gozarazteko"
Liburua idazteko garaian, batik bat bi dokumentazio iturritara jo duela kontatu du idazleak: Wikipediara eta Ahotsak.eus egitasmora. "Wikipedian, euskaraz idazten duen eta lan ona egiten ari den talde bikaina dago. Ahotsak-ek, berriz, Euskal Herriko milaka pertsonaren testigantzak ditu jasota. Iturri horiek ongarritu egiten dute, gero etorriko den idazlearen edota kazetariaren asmoa".
Behin garaiaz ikasi eta irakurri ondoren, hasi zen forma ematen lan berriari Aristi. "Zer harreman eta lotura zeuden aztertuz diziplinen artean: kooperatibak eta Laboral Kutxa sortu ziren. Euskal zinema garatzeko Laboralak eman zuen dirua, baita ikastolak sortzeko ere. Egitasmo batzuk aurrera ateratzeko elkarren arteko lotura zegoen. Diru asko daukan mezenas batzuk ere badaude, Venezuelara joan, han dirua egin eta diskografiak laguntzen dituztenak. Ahal dudan neurrian hori guztia azaldu dut liburuan". "Arriskatu" eta datuetan oinarritutako teoria batzuk egin dituela ere esan du idazleak.
Irakurlea "kitzikatu" eta "entretenitu" nahi izan du Aristik, eta horregatik, "Kazetaritza Berria estiloa" erabilita kontatu du. "Estilo biziarekin eta detaileari kasu eginda", adierazi du. "Irakurlea gozarazten saiatu naiz, baina hori lortu dudan irakurleak esango du".
Bi data kontuan hartuta mugatu du liburuaren garaia: 1960. urtea, Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria hil zeneko urtea, eta 1975. urtea, Francisco Franco diktadorea hil zenekoa. "Agirreren galera handia izan zen, eta orduan hasi zen loratzen dena. Arantxa Urretabizkaiak eta Mari Karmen Garnendiak esandakoak gogoan hartuta honako esaldia dakart gogora: dena zen posible, dena egiteko zegoelako".
"Herri bat dago"
1960-1975 Herri bat berriz zutitzen liburuan lurraldetasunaren aldetik lanari "oreka" eman saiatu da Aristi. "Beti asko zentratzen gara Gipuzkoan, baina Ipar Euskal Herrian ere mugimendu handia zegoen garai hartan, garaiko boomaren erretagoardia edota biltegia zen, eta handik proiektatuta hegoaldeak hartu zuen lekukoa. Sintonia zegoen Euskal Herrian mugitzen ziren eta munduan gertatzen ziren gauzen artean". Euskal Herrian asko eztabaidatzen zen garai hartan, Aristiren ustez. "Eztabaida biziak izaten ziren. zer gara? Zer da gure herria? Zer da askapen soziala?...".
Liburua kokatzen den garaian, emakumeek egindako lana agerrarazteko lana ere egin du Aristik liburuan, eta kasu batzutan, "arkeologia lana" izan dela nabarmendu du. "Emakumeak baztertuak eta anonimo samarrak izan dira, eta bereziki saiatu gara emakumeen izenak erreskatatzen. Emakume askoren aztarnak atera ditugu. Antzematen da emakumeak zapalkuntza bikoitza izan dutela: etxekoa eta euskaldun izatearena. Alegia, zapalkuntza nazionala eta genero zapalkuntza".
Gauza asko esateko eta "pertsona interesgarri piloarekin" egin du topo idazle eta kazetari urrestildarrak liburua egiteko lanean. "Denak oso liluragarriak". Liburua egiteko proposamena egin zion Goiztiri elkartearen helburua "transmisioa bermatzea" izan da, eta idazlearena, elkartearen nahia betetzearekin batera, "irakurketarekin gozaraztea" izan da. Azken batean, liburuan jaso duen Euskal Herriaren hamabost urtekoa honako hitzekin laburbildu du Aristik aurkezpenean: "Herri bat dago, arnasa sakonago hartzeko gosez dagoen herri bat. Herri bat garen kontzientzia dago, eta dena elkar elikatzen da, elkarri indarra ematen".