Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Azpeitiko Udalak "indarkeria mota guztien aurka" dagoela adierazi du gaurko egunez kaleratu duen idatzian. "Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du, eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek, gizarte erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dugu", nabarmendu du erakundeak.
Hau da udalak kaleratu duen adierazpena:
"Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da gure gizartean, bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar, eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora. Hori sistema patriarkal sendo baten ondorioa da. Azpeitian ere badugu horren adibidea: azken egunetan herrikide batek Benidormen jasandako erasoaren berri izan dugu. Bestalde, 2025ean, indarkeria matxistari aurre egiten ari ziren 43 emakume identifikatu zituzten herrian. Gehienak genero indarkeriaren biktimak ziren, 31 eta 40 urte bitartekoak.
Horregatik, azaroak 25 honetan, errealitate horren aurrean gure zeregina zein den galdetzeko deia egiten dugu, gaitzespenetik harago begiratzekoa. Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?
Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du, eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek, gizarte erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dugu.
Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrerapauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera.
Gizarte eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta horiek prebenitzeko eta ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, baita gure egunerokoan horiek justifikatzen edo babesten dituzten erakundeak eta egiturak identifikatzeko ere. Erasoak salatzeaz gain, mundu justuago bat, bizigarriago bat, askea eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu. Horretan Mugimendu Feminista dugu eredu.
Horrekin batera, indarkeria matxistaren aurrean arreta integralerako baliabide eta egiturak martxan jartzea ezinbestekoa da, erasoa jasan duen pertsonaren babesa eta erreparazioa zentroan jarriko dituztenak. Bide horretan lanean dihardu Azpeitiko Udalak indarkeria matxistari aurre egiten diotenentzako Iparrizar zerbitzuarekin.
Oso argi dugu indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ezinbestekoa dela berdintasun politikei beharrezko giza baliabideak zein baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea, eta ildo horretan, uste dugu ikuspegi feministarekin lan egin behar dugula, egunero eta eremu guztietan, prebentzioan, babesean nahiz erreparazioan aurrerapausoak emanez. Udalak, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundeak izanik, gure udalerriko auzokide guztien konpromiso partekatua sustatu nahi du, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko. Herritarrak gonbidatzen ditugu jarrera bat hartzera eta konponbidearen parte izatera, erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik aurrera egin ahal izango dugu gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz".