Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta kezka eta haserrea eragiten dizkiguten hainbat gertakarik hausnarketa hau plazaratzera bultzatu gaituzte.
Indarkeria matxista ez da erasoa gertatzen den unean amaitzen. Ondorioek hor jarraitzen dute, luzaroan, eta ingurukoen jokabideek zauri horiek arindu ditzakete, baina baita berriro ireki ere. Izan ere, emakumeen intimitatea urratzen denean, haien bizipenak haien borondatearen aurka zabaltzen direnean edo haien sufrimendua jendaurrean erakusten denean, beste indarkeria modu bat eragiten da: birbiktimizazioa.
Sexu erasoak jasan dituzten emakumeen bizipenak ez dira edonoren eskura dagoen informazioa, eta haien mina ez da morboa elikatzeko materiala. Emakume batek bere esperientzia publikoki kontatzea erabaki dezake; are gehiago, emakume batzuentzat, beren erreparazio prozesuari begira, komenigarria da hori egitea. Bejondeiela gaurko egunaren harira urrats hori egitera ausartu diren guztiei.
Batzuetan, ordea, kontrakoa gertatzen da: emakumeek kontatu nahi ez dituzten bizipenak eta xehetasun intimoak haien baimenik gabe zabaltzea. Onartezina da hori, eta ezin dugu normaltzat jo, erasoa bera jasateaz gain, emakumeek erakundeen, justizia sistemaren, komunikabideen edo inguru sozialaren aldetik beste eraso bat jasan behar izatea.
Isilpekoak diren epaiak filtratzea, albisteari ekarpenik egiten ez dioten xehetasun intimoak argitaratzea edo biktimen jokabidea zalantzan jartzea ere indarkeria horren jarraipena izan daitezke. Adierazpen askatasuna eta informaziorako eskubidea oinarrizko eskubideak dira, baina ezin dira pertsonen intimitatearen eta duintasunaren gainetik jarri. Legeak ere argi aitortzen du biktimen intimitatea babesteko eta bigarren mailako biktimizazioa saihesteko betebeharra.
Ez dezagun, ordea, erantzukizuna komunikabideetara eta erakundeetara soilik mugatu. Guk ere birbiktimizazioa eragin dezakegu, biktimen jokabidea epaitzen dugunean, haien mina nolakoa izan behar lukeen erabakitzen dugunean edo gertatutakoaz txutxu-mutxuka aritzen garenean.
Azaroaren 25 honetan, biktimak erdigunean jartzeak benetan zer esan nahi duen galdetu behar diogu geure buruari. Nire ustez, hasteko behintzat, haien borondatea errespetatzea eta haiek nahi ez duten gauzarik ez egitea.
Besarkada bat indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakume guztiei.