Euri zaparradek ez dituzte geldiarazi indarkeria matxistaren aurkako aldarriak. Izan ere, eguraldi txarrari aurre eginez, herritar ugari elkartu dira gaur Azpeitian, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean egindako bi mobilizazioetan. Aurrena, Azpeitiko Feministen Sareak deituta, Ez ginen atzera egiteko jaio lelopean elkarretaratzea egin dute herriko plazan. Ondoren, Urola Erdiko Itaiak deituta, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean manifestazioa egin dute, plazatik abiatuta.
Azpeitiko Feministen Sareak deitutako elkarretaratzean, azken urtean Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte: Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Haien senide eta lagunei besarkada beroa bidali diete, eta gogora ekarri dute "adin eta jatorri desberdinetako bost emakume" zirela, Euskal Herrian beren bizi proiektuak garatzen ari zirenak. Era berean, Emma Iglesias 65 urteko azpeitiarrari elkartasuna adierazi diote, senarrak emandako jipoiaren berri publikoki ematera ausartu delako. Haren testigantzatik bi ikasgai nabarmendu dituzte: "Ezetza ez dela, eta emakumeek biktima izaeraz ez dutela zertan lotsatu". Horren harira, indarkeria matxistaren kasu guztiak salatzeko eta "indarkeria matxistaren hamaika aurpegiak desagertu arte tinko" jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, ahizpatasuna eta lanketa kolektiboa borrokarako tresna gisa aldarrikatuz.
Halaber, munduko hainbat txokotan borrokan eta erresistentzian ari diren emakumeei eta sexu genero disidenteei elkartasuna adierazi diete, bereziki Palestinako herriari. "Sistemak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta beraz, indarkeriak betikotzeko. Hiru zapalkuntza sistema nagusien ondorioz emakumeak, migratuak eta arrazializatuak eta sexu genero disidenteak dira kolpatuenak". Egoera hori faxismoaren, eskuin muturraren eta eskuineko hainbat mugimendutan zabaltzen ari diren jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bidez gero eta agerikoagoa dela ohartarazi dute.
Horren aurrean, feminismoaren instrumentalizazioa gaitzetsi dute: "Ez dugu feminismoaren instrumentalizazioa onartuko gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik ezer gutxi duten neurriak proposatzeko". Era berean, feminismoaren izenean zabaltzen diren diskurtso arrazistak eta segurtasunaren izenean polizia gehiago behar izanaren ideia arbuiatu dituzte. "Justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko dugu" adierazi dute.
Azkenik, aliantzak sortzeko eta antolatzeko deia egin dute, askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta. "Ez gara etxean geratuko. Ez baikinen atzera egiteko jaio!", aldarrikatu dute, eta mezu argia zabaldu dute: "Faxismoari feminismoz erantzungo diogu".
Indarkeria matxistaren aurkako borroka, lehentasun politiko
Urola Erdiko Itaiak, berriz, indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzearen garrantzia azpimarratu du manifestazioan irakurritako adierazpenean. Matxismoak "egunez egun kolpatzen" jarraitzen duela salatu dute, eta hainbat datu eta adibide jarri dituzte mahai gainean. Izan ere, urtea oraindik amaitu ez den arren, 10.000 emakume baino gehiago eraso dituztela salatu dute Itaiako kideek: "Euskal Herrian hainbat forotan aritu dira emakumeon irudiak zabaltzen; hainbat lekutan kamerak ipini dituzte emakumeak grabatzeko; adingabekoen kontrako indarkeriak gora egin du eta matxismoaren adierazpenik krudelenak ez du etenik izan: dagoeneko 5 emakume hil dituzte".
Azpeitian bertan ere indarkeria matxistak presentzia handia duela adierazi dute. Haien arabera, 2025ean indarkeria matxistako 43 kasu artatu dituzte udal zerbitzuek. Horrez gain, azken bi urteetan herriko bi gizon atxilotu dituzte haur pornografiari lotutako delituak egotzita, eta urriaren 31n Azpeitiko emakume bat jipoitu zuen haren senarrak Benidormen.
Instituzioen jarduna ere kritikatu dute Itaiako kideek. Salatu dutenez, erakundeentzat ez da "lehentasunezko auzia" matxismoarekin amaitzea: "Aferaren kudeaketara mugatzen dute beren jarduna. Hori, gainera, gero eta baliabide gutxiagorekin egiten dute, eta ez dute emakumeon babesa bermatzen: urruntze aginduen urraketak; prozedura burokratiko amaigabeak; erasotzailea seinalatu beharrean, emakumeen hitza etengabe zalantzan jartzea. Gainera, kasu askotan erasoa jasan duten emakumeei ez diete kalitatezko etxebizitza alternatibarik bermatzen; izan ere, askori aterpetxe edo pisu partekatuak eskaintzen dizkiete, zenbaitetan, gainera, gizonezkoekin partekatu behar dituztenak; edota babes pisuetatik kanporatzen dituzte". Egoera "larria" dela nabarmendu du Itaiak, eta lehentasun politikotzat jo du matxismoa amaitzeko bide orria garatzea.
Halaber, faxismoaren gorakada eta horrek emakume langileengan dituen ondorioak ere salatu dituzte. Itaiako kideen hitzetan, emakume langileen zapalkuntza ukatzen duten eta eskubideak murriztea proposatzen duten diskurtsoei aurre egin behar zaie. Matxismoaren eta faxismoaren normalizazioaren aurkako borroka kalean eta antolakuntza independentean oinarritu behar dela defendatu dute.
Amaitzeko, indarkeria matxista eta erasotzaileen inpunitatea normalizatu ez daitezen, "eraso matxista guztiei erantzun" behar zaiela azpimarratu dute, eta "herri eta auzoetan, hezkuntza zentroetan nahiz lantokietan" erantzuteko deia egin dute. Emakume langileen borroka lehen lerrora eramateko eta norabide sozialista duen mugimendu indartsua eraikitzeko beharra aldarrikatu dute.