Badalab hizkuntza berrikuntzarako laborategiak Hiperstizio Fabrika jarriko du martxan, "euskararen inguruko diskurtsoak, narratibak eta iruditeriak berrikusteko, deseraikitzeko eta berriak sortzeko”, Goiatz Oiartzabal Badalaben zuzendariak azaldu duenez. Ekimenaren abiapuntu Oier Etxeberria artista azpeitiarrak egindako A,B,C Babel 17 film laburra eta Samuel R. Delanyren Babel-17 eleberriarekin hiru saio egingo dituzte. Saioetako lehenengoa, gaur da, 18:00etan, Donostiako San Telmo museoan.
“Zergatik bizi nahi dugu euskaraz, hizkuntza hegemoniko batean errazago uler bagintezke? Euskara altxor bat da? Hizkuntza zahar bat? Europako hizkuntza zaharrena al da? Erromatarrek hitz egiten al zuten euskaraz? Historiak jipoitutakoen hizkuntza al da? Egunero aurkitzen ditugun galdera, baieztapen eta kontraesanen adibide batzuk besterik ez dira. Baina zer kontatzen dugu euskarari buruz? Eta zer kontakizun berri behar ditugu hizkuntzaren biziberritzean?”, galdera horietatik abiatu du Badalabek Hiperstizio Fabrika, eta “etorkizuna iragartzeko tresna hutsa” baino, “eraldaketa soziala aktibatzeko baliabidea” izatea nahi dute.
Oier Etxeberria artista azpeitiarrak egindako A,B,C Babel 17 film laburra izango du ekimenak abiapuntuetako bat. Filmaren aurrerapenak honakoa dio: “Donostiako kaleetako irudiak eta haien aura idilikoa gerra intergalaktiko baten eskutik doaz. Irudi horien azpitik hizkuntzaren inguruko askotariko hausnarketak gurutzatzen dira, eta inbaditzaileak geldiarazteko azken itxaropena Rydra Wong poeta, itzultzaile eta neurolinguista da. Bera da Babel-17 lengoaia hiltzailea deszifratu dezakeen pertsona bakarra, eta horretarako, euskaratik abiatuko da”.
Hiperstizio Fabrikaren barruan hiru saio antolatu dituzte, “esperimentazio kolektiborako”, Donostiako San Telmo museoan (gaur, azaroaren 27an), Bilboko Arte Ederren museoan (urtarrilaren 22an) eta Gasteizko IAK Izaskun Arrue kulturgunean (otsailaren 25ean). Hiru saioak 18:00etan hasiko dira, eta bi ordu ingurukoak izango dira. Hiru saioetan A,B,C Babel 17 film laburra proiektatuko dute, eta filmaren egilea den Oier Etxeberria ariko da gidari. Hiru saioetan, gainera, gonbidatu bana izango da: Donostiakoan, Itxaro Borda izango da gonbidatua; Bilbokoan, Ibai Atutxa; eta Gasteizko saioan, Arantza Santesteban. “Hiru topaketek egitura bera izango dute, baina bakoitzak bere sorkuntza proposamenak eta lanketa kolektiboak garatuko ditu”, antolatzaileek zehaztu dutenez.