Azaroaren 25a igaro berri den honetan, beste hilketa matxista bat izan da Euskal Herrian. Atzo –osteguna– iluntzean, gizon batek bikotekide ohiari arma zuriz eraso egin zion Bilboko etxebizitza batean, eta hil egin da 34 urteko emakumea. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen seigarren emakumea da. Hilketa hori gaitzesteko, mobilizazioak egingo dituzte gaur –ostirala– Azpeitian. Alde batetik, Azpeitiko Feministen Sareak deituta, elkarretaratzea egingo dute, 18:30ean, plazan, Eraso matxistarik ez! Aski da! lelopean. Bestetik, Urola Erdiko Itaiak 19:30erako jarri du hitzordua; plazan elkartuko dira, Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean.
Atzo, erasoa gertatu zen etxebizitzan bizi zen batek eman zuen abisua, 20:00etan, oihuek ohartarazita. Poliziak etxera iritsi zirenean gizona labanarekin eraso egiten ari zitzaion emakumeari, eta bien haurrak ere etxean ziren. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, gizona geldiarazi zuten; ordurako emakumeak zauri larriak zituen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Gizona hilketa saiakera delitua egotzita atxilotu zuten. Erasotzaileak 47 urte ditu, eta aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik.
Udalaren gaitzespena
Azpeitiko Udalak Bilboko erailketa matxista gaitzetsi du, eta hildakoaren senitartekoei zein gertukoei "elkartasuna" adierazi die. Atzokoa Euskal Herrian aurten gertatu den seigarren hilketa matxista dela gogora ekarri du erakundeak, eta nabarmendu du, horrez gain, Irungo (Gipuzkoa) emakume bat ere hil zuela bikotekideak Zaragozan (Espainia). Udalaren arabera, 2003tik, 138 hilketa matxista erregistratu dituzte Euskal Herrian.
Horren aurrean, udalak "ozen" adierazi nahi du "beste behin ere", honako hau: "Ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian eta ez beste inon ere". Eta urraketen aurrean, "modu aktiboan jokatzea herritarren" ardura ere badela gogorarazi nahi du. "Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea".
Horregatik, Azpeitiko Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, lanean jarraituko duela adierazi du, "berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra dagoelako". Erakunde gisa, "eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea" dagokiola nabarmendu du. Hori dela eta, dei egin die udalak herritarrei Azpeitiko Feministen Sareak gaur arratsaldean, 18:30ean, plazan egingo duen mobilizazioan parte hartzera.