Herriko ehun puntu baino gehiago jantzi dituzte Gabonetako apaingarriekin Goienetxe fundaziokoek

Andoni Elduaien

Goienetxeko, udaleko eta Bertaneko kideak, Antxieta Etxean. (Udala)

Eraikin publikoak, Bertan elkarteko saltokiak eta beste hainbat elkarteren zein eragileren egoitzak apaindu dituzte askotariko materiala berrerabilita.

Azken urteetan Gabonen atarian usadio bihurtu den argazkia atera dute Goienetxe fundazioko kideek, Azpeitiko Udaleko ordezkariek eta Bertan merkatari elkartekoek. Goienetxek kudeatzen duen garagunean buru-belarri aritu dira lanean azken asteetan aurtengo Gabonetan herriko eraikin publikoak, Bertan elkarteko ehundik gora saltoki eta beste hainbat elkarteren zein eragileren egoitzak apaintzeko erabiliko dituzten apaingarriak egiten. Gaur, ostirala, lan horren emaitzaren zati bat erakutsiz atera dute argazkia, Antxieta Etxean.

Askotariko materialak berrerabiliz osatu dituzte aurten ere Gabonetako apaingarriak Goienetxekoek, hala nola komuneko tutuak, kafe kapsulak eta sokak. Hain justu, aurreko urtean bezala, herriko ikasketxeekin elkarlanean aritu dira, eta horietan jasotako komuneko paperen kartoizko tutuak ere baliatu dituzte apaingarriak sortzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide