Datorren ostegunean ospatuko duten Euskararen Egunari lotuta, hainbat ekitaldi prestatu ditu Azpeitiko Udal Euskaltegiak datozen egunetarako, eta horien artean, Iñaki Artola pilotaria gonbidatuko dute hara asteazkenean. Izan ere, elkarrizketa egingo diote pilotariari, eta herritarrek bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute orduan, irekia izango baita saioa.
Euskararen Egunaren harira, Udal Euskaltegiak pertsona ezagun bat gonbidatu ohi du azken urteetan, eta aurten ere hala egingo du. Antolatzaileek azaldu dutenez, asmoa da Artola bere esparrutik kanpo gehiago ezagutzea. Ordubete inguruko saioa izango da 18:00etan hasita, eta euskaltegira joateko deia zabaldu die herritarrei.
Iaz, Bulego musika taldeko Tomas Lizarazu elkarrizketatu zuten Euskaltegian, eta Uxue Alberdi idazlea, Ibon Gaztañazpi kazetaria, Jon Maia bertsolaria eta Xabier Zabala musikari eta konposatzailea ere egon izan dira han.
Bestalde, Artolaren elkarrizketaz gain, Manex Beristainek barreterapia tailerra ere eskainiko du Euskararen Egunaren bueltan, eta ikasleen arteko afaria ere egingo dute, baina bi ekitaldi horiek soilik ikasleentzat izango dira.