Bilboko hilketa matxista salatzeko mobilizatu dira Azpeitian

Iraia Oteiza

Azpeitiko Feministen Sareak eta Urola Erdiko Itaiak deituta, bi elkarretaratze egin zituzten atzo herrian. Bi eragileek indarkeria matxista salatu eta haren aurkako borroka indartzeko beharra aldarrikatu zuten.

Bilbon 34 urteko emakume bat haren bikotekide ohiak hil ondoren, gaitzespena adierazteko bi elkarretaratze egin zituzten atzo Azpeitian, Azpeitiko Feministen Sareak eta Urola Erdiko Itaiak deituta. Emakumea labanaz erasotu zuen bikotekide ohiak, haren bi seme-alaben aurrean, eta hil egin zuen.

Azpeitiko Feministen Sareak elkartasuna adierazi zien eraildako emakumearen senide, lagun eta gertukoei, bereziki haren seme-alabei. "Erailketa hau ez da gertakari isolatu bat", azpimarratu zuten, eta indarkeria matxista "estrukturala" dela gogorarazi. Haien hitzetan, hilketak dira indarkeria horren "adierazpenik muturrekoena", baina egunerokoan ere hainbat modutan agertzen da.

Erakundeen ardura ere nabarmendu zuten: "Erakunde publikoek ardura dute indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta babes eraginkorra bermatzeko". Izan ere, babes neurriak sarri ez direla nahikoak ohartarazi zuten, "eraildako emakumea Ertzaintzaren babespean zegoela" gogoratuta. Gizonei ere zuzendu zitzaizkien: "Ezin duzue beste alde batera begiratzen jarraitu". Amaitzeko, autodefentsa feminista eta erantzun kolektiboa aldarrikatu zituzten: "Gure indarra hor kokatzen da; elkartasunean".

Urola Erdiko Itaiak, bestalde, indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzeko deia egin zuen. Aurten Euskal Herrian gertatutako seigarren hilketa matxista dela gogorarazi zuten, baita urte hasieratik 10.000 eraso matxista baino gehiago salatu direla ere. Azpeitian bertan, urriaren 31n emakume bat haren senarrak jipoitu zuela ere ekarri zuten gogora. "Argi izan behar dugu gaur egun ere emakumeok emakume izate hutsagatik hiltzen gaituztela", adierazi zuten.

Itaiaren ustez, ezinbestekoa da indarkeria matxistaren aurkako borroka lehenestea eta indartzea. "Erasotzaileak argi izan dezatela emakumeon aurkako edozein erasotan erantzungo dugula", ohartarazi zuten. Horrenbestez, auzoz auzo eta herriz herri antolatzen eta borrokatzen jarraitzeko deia egin zuten: "Matxismoa behin betiko amaitzeko, batu borrokara".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide