Haur eta nerabeen artean mugikorren, sare sozialen eta bestelako pantailen erabilerak dituen ondorioez ohartarazteko, elkarlanean ari dira Azpeitiko hainbat eragile. Altxa Burua taldeak, herriko kirol klubek, anbulatorioak eta udalak hainbat neurri adostu dituzte, erabilera arduratsuagoa sustatzeko.
Orain arteko lanketaren barruan, Altxa Burua taldeak bilerak egin ditu herriko kirol klubetako ordezkariekin eta udalarekin. Besteak beste, pantailen erabilerak eragiten dituen arazoak aztertu dituzte, eta kirol taldeei zuzendutako dekalogo bat prestatu dute. Klubek konpromisoa hartu beharko dute bertan jasotako neurriak betetzeko. Gainera, Osakidetzaren gomendioen laburpena eta ekimenaren berri ematen duen gutuna helaraziko dizkiete 16 urtetik beherako haurren eta nerabeen familiei.
Bestalde, mugikorrik gabeko gune publikoak sustatzeko kartelak eta panelak jarriko dituzte haur parkeetan eta kirol instalazioetako harmailetan, besteak beste. Osasun arloan ere lanketarekin jarraituko dute, anbulatorioko osasun erizainarekin elkarlanean. Ekimenaren sustatzaileen arabera, helburua herriko eragile guztiak norabide berean aritzea da, haur eta nerabeen ongizatea babesteko.