Jende ugari elkartu zen atzo, ostirala, Landetako Mendizabal erretegian, Xebastian Lizasoren omenezko bertso afarian. San Eloi jaien egitarauaren barruan egin zuten saioa, eta bertsolaritzaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Xebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze aritu ziren bertsotan. Hasiera batean, Sustrai Colina ere aritzekoa zen, baina azkenean ezin izan zuen Landetara bertaratu, gaur Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa jokatu behar duelako. Soinua eta panderoa jotzen, berriz, Enaitz eta Erkizi aritu ziren.
Bertso afariak omenaldi beroa egiteko ere balio izan zuen. Lizasori oroigarri bat eta txapela eman zizkioten, haren ibilbidea eta bertsolaritzari egindako ekarpena aitortzeko.
Festak jarraipena izango du gaur eta bihar ere Landetan; azoka, herri kirolak, otorduak eta abar izango dira. Asteartean, San Eloi egunez, bazkariarekin agurtuko dituzte festak. Hona hemen egitaraua:
Gaur, larunbata
- 11:00. Azoka eta animalien erakusketa.
- 12:30. Iagomago.
- 14:30. Auzo bazkaria, Lau Bide jatetxean. Erreserbak bertan.
- 17:00. Sokamuturra, Lopene ganadutegiaren eskutik.
- Ondoren, trikipoteoa.
- 20:30. Txerriboda, Landeta sagardotegian.
Bihar, igandea
- 12:00. Zezen txikiak eta poniak, Albara ganadutegiarekin.
- 13:00. Herri kirol desafioa: Iker Vicente eta Mikel Larrañaga vs. Eneko Otaño eta Julen Alberdi Txikia IV.a.
- Ondoren, marka saiakerak: Irati Osinalde, Haritz Aranguren, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Olaia Esnaola.
- 15:00. Trikibazkaria, Mendizabal erretegian. Erreserbak bertan.
Abenduak 1, asteartea
- Eguerdian, auzo bazkaria, Lau Bide jatetxean.
(Argazkiak: Ibon Errazu)