Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeen eguna da gaur, azaroak 29, eta dagoeneko nabaria da jendearen joan-etorria Azpeitiko hauteslekuetan. 09:00etan zabaldu dituzte boza emateko mahaiak, eta herritarrak lehen ordutik bertaratu dira botoa ematera. Azpeitian 11.527 herritar daude botoa ematera deituta, Kongresua eta Senatua berritzeko helburuarekin. Denera, herritarrek sei diputatu eta lau senatari aukeratuko dituzte Gipuzkoan.
20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak eta orduan hasiko da botoen kontaketa. Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.
2023ko uztailean egin ziren Espainiako Gorteetarako aurreko hauteskundeak. Orduko hartan, Kongresurako boto gehien EH Bilduk eskuratu zituen Azpeitian, guztira 3.352 boto (%47,36); EAJ izan zen bigarren alderditik bozkatuena, eta 2.488 boto jaso zituen (%35,15). Senaturako ere EH Bilduko hautagaiak izan ziren Azpeitian boto gehien lortu zituztenak.