San Eloi jaietako ospakizunek jarraipena izan dute gaur Landetan. Goizeko egitarauak hainbat hitzordu bildu ditu, baina eguraldia ez da lagun izan: euria etengabe aritu da goiz eta eguerdi partean, eta jaietako ekintzak eguraldi kaskarraren erdian egin behar izan dituzte.
12:00etan hasi dute goizeko egitaraua, zezen txikiekin eta poniekin. Albara ganadutegiko animaliek parte hartu dute hitzorduan, eta euritan bada ere, gozatua hartu dute bertaratu diren haur zein gaztetxoek. Ordubete geroago, 13:00etan, herri kirolen txanda izan da. Aurrena, harri jasotzen aritu dira Xabier Aranburu Guzta, Jon Unanue Goenatxo III.a, Haritz Aranguren Norde, Olaia Esnaola eta Irati Osinalde, eta marka saiakerak ere egin dituzte. Osinaldek 90 kiloko harri errektangularra hiru aldiz jasotzea lortu du bi minutuan; Olaia Esnaolak, berriz, 100 kiloko harri kubikoa lau aldiz altxatu du denbora tarte berean.
Ondoren, aizkolarien txanda izan da. Bi bikotek neurtu dituzte indarrak: Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aritu dira batetik, eta Eneko Otaño eta Julen Alberdi Txikia IV.a bestetik.
Goizeko hitzorduen ondoren, 15:00etarako trikibazkaria zuten antolatuta Mendizabal erretegian eta han elkartu dira denak. Asteartean, San Eloi egunez, Lau Bide jatetxean egingo duten bazkariarekin agurtuko dituzte aurtengo festak.