Garbiketarako produktuak hartu dizkinat, sukalderako hiruzpalau bonbilla erosi eta etxerakoan ogia... Hara ba, aspaldiko! Zer moduz? Horiek izan dira ezagun batekin kalean topo egin eta nire pentsamenduetan murgilduta nengoela lagunak egin dizkidan lehenengo hitzak.
Gero, noski, gure etxekoei eta bestelako gaiei hautsak kendu eta saio polita egin dugu barrenak hustuz. Bateko lan gorabeherak, besteko eguraldiaren aldarteak... baina, batez ere, gure kezkak izan dira solasaldian protagonista. Delako egoera berezi honetan gertatu direnak, gertatuko direnak edota gerta daitezkeenak izan ditugu ahotan. Iazko urtean bezalatsu, ikastetxeetan, kultur emanaldietan, hondartzetan... azken boladan baino askeago, naturalago ibiltzeko desioa nabarmendu zaigu.
Etxeratu naizenean, eseri eta pentsatzen jarri naiz, beti kezka beretan erortzen garela, ditugun aukerak eta baliabideak egiaz aintzat hartu gabe. Benetan estimatzen ditugun gertukoak, eguneroko koskei aurre egiteko dugun ilusio sendoa, zaparradaren pean tanta bakoitza sentitzeko ditxa... Orain argi dut, ni ederki, eta zu?