Boteprontoan

Bilgarriak eta biltzen gaituztenak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Garmendia 2021ko urt. 9a, 08:38

Aintzane Garmendiak 2020ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Eta zuek zer eskatuko diozue?” galdetzearekin batera hasi dira arrapaladan irteten askotariko objektuen izenak 6 urte eskas dituzten neska-mutilen ahoetatik. Helduek irribarrez entzun dituzte haien hitzak, gaztetxoen begietako ilusioa eta poza denengana helduko balira bezala.

Egun bereziak ate joka ditugu, eta zenbait hasiak dira jada prestatzen erosi beharreko objektuen zerrenda. Bestalde, jabetu gara orain artean neguko harribitxitzat genituen hainbat jarduera ziurrenik moldatu eta egokitu egin beharko ditugula. Objektuak eta ekintzak parez pare ote daude, agian?

Noski, ezin daitezke jarri maila berean atera berri den bideo-jokoa opari gisa jaso izana eta mahaiaren inguruan familiakoekin elkartzea. Ezingo genituzke inolaz ere koska berean ezarri, urtebetez hitz egin gabeko lagunaren deia jasotzea eta hainbeste gustatzen zaizun lepokoa oparitzea. Pentsaezina da hainbeste ordaindutako objektuek eta denbora pixka bat kendutako ekintzek balio bera izatea.

Bilgarriak kentzeko unea iritsi da eta benetako ekintzekin gainean dugun negua goxatzekoa, elkarrekin gozatzekoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide