Badakigu aho itxian ez dela eulirik sartzen, baina umetan euliei beldurrik ez eta gurasoei hamaika galdera egiten nizkien: "Zer da hau?". "Eta bestea?". "Zer esan nahi du seinale honek?". "Zergatik egiten da hori?". Eta abar luze bat. Baina ez da aski erantzunak jakitea, gero horiek gaizki erabiltzen badira edota horiekin taxuzko ezer egiten ez bada.
Norbere egiaren bila gabiltza borrokan une oro, han edo hemen gure burua non kokatuko. Zer desberdina den kanpotik edo barrutik begiratu, badago alderik txanpona goitik ala behetik jaurti, guztiz bestelakoa ikuspegia erdian edo bazterrean kokatu; eta norbaitek begiak ireki nahi ez baditu? Beti barruan dagoena ez da sekula kanpokoaren azalean jarriko, inoiz behera jaitsi ez denak ez du zoru hotza sentituko, eta begiak irekitzeko ausardiarik ez duenak ez du bere burua engainatu besterik egingo.
Inoiz baino informazio iturri gehiago ditugun garai honetan, jada herrian harresi fisikorik ez dugun arren, asko dira oraindik gure artean dauden egia ustelak eta horma faltsuak. Begiak zabaltzeko unea da, hormaren beste aldean dugunari entzun eta hari eskua luzatzekoa.