Boteprontoan

Lili bat

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Garmendia 2022ko api. 10a, 08:18

(Irudia: Pixabay)

Aintzane Garmendiak 2022ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Leihoaren kanpoaldetik kolpetxoak emanez dabil eguzkia tematuta, aurrean ezarritako gortinei indartsu bultzatuz, erabat lotsagabe. Hori gutxi ez, eta zeruak, txoriek zein loreek ere mugimenduarekin bat egin dute, udaberriaren etorrera lau haizetara zabalduz. Zalaparta honen aurrean ez dut etxetik irtetea beste aukerarik izan.

Bateko oihuak, besteko irribarreak, badirudi eguzki printzak inoizko txerto onenak baino eraginkorragoak direla. Ene! Ezustean harrapatu nau txirrindulari batek bidegorriaren erdian, eta nigan sortutako emozio jasa baretze aldera, paseoan abiatu naiz leku lasaiago batera. Nire harridurarako, ordea, bidearen bi aldeetatik agurtu nauten intsektuak eta loratzen ari diren landareak ikusteak ez du nire emozioak indartzea besterik eragin. "Martxoko lorea, ez balitz hobea; apirileko lorea, urrea baina hobea; eta maiatzeko lorea, eza baina hobea", dio esaera ezagun batek.

Azkenean, ezin izan diot tentazioari eutsi. Lore bat hartu dut eskuetan, lili bat. Gero, "hostoz hosto erantzi" dut, eta "hark ni". Orduantxe jabetu naiz zein ederra den naturaren legea, eta zein ezjakinak garen gu edertasun hori etengabe hondatzean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide