Beroak kolpatutako aste gorabeheratsuaren ostean heldu diogu asteburuari, eta gogotsu gaude astean zehar nekezago egin ditzakegun ekintzak egiteko. Eskuko telefonoari begiratu azkar bat emanda jaiki naiz gosaltzera. "Hara! Hauek orain ere egin dute nonbaitera bidaia... eta badirudi beste hauek atzo izan zutela afaria...". Patxadaz gosaldu eta banoa motxila prestatzera.
Ohiko moduan, ezarritako ordurako iristeko zailtasunak izango ditudala ikusi eta Whatsapp bidez jakinarazi diet lagunei beranduxeago izango naizela. Besteen erantzuna berehalakoa izan da, eta audio zein ikonoen dantza bizia sentitu dut sakelakoan; haiek ere erlojuaren orratzekin borrokan dabiltza antza! Hau da marka, azkenean presaka eta urduri hasi ez dugu ba egunerokotik deskonektatzeko eta lasaitzeko eginiko plana!
Elkarrekin inoiz baino konektatuago gauden garaiotan, eskuko telefonoaren dantzak markatu ohi du gure eguneroko jarduna, baina dantza saio ederra itogarri bilakatu liteke erritmoa neurtu ezean. Saia gaitezen udan telefonoaren dantza gutxitzen, gauden kaiolatik irteteko gure buruarekin zein ingurukoekin aurrez aurre gehiago gozatzen hasi beharrean gaude eta.