Azkenaldian gelditu ere egin gabe dabiltza; bai gorputza, eta zer esanik ez burua. Asko kostatzen zaie birak makaltzea, pausatzea. Itsutzeraino. Gertuen dudan hori ikusteko gai ez izateraino.
Horrelakoetan bada, ordea, lasaitzen laguntzen didan zerbait: kanpora irten, etxe inguruan buelta bat eman, erlojurik gabe, presarik gabe, betaurreko berriekin. Alboan dudan horri, beti hor egon den belar, lore, euli horri erreparatu eta lehen aldiz ikusiko banu bezala begiratu, betaurreko berriekin.
Eta begirada berri eta goxo horretatik dena zirraragarri egiten zaidanean, edertasuna begiratzen duenaren begietan dagoela ohartzen naizenean, guztiak beste zentzu bat hartzen du.