Nire leihotik

Dolua

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Ruiz 2026ko martxoaren 7a

(Argazkia: Alaitz Ruiz)

Alaitz Ruizek otsaileko Azpeitia Guka aldizkariko Nire leihotik atalean egindako ekarpena da hau.

"Gizabanakoak galera bat izan ostean pasatzen duen prozesu emozionalean datza, eragin psikologikoak, fisikoak nahiz sozialak dituena". Horrela dio hiztegiak. Eta guztiok, bizidun sentikorrak garen heinean, igaroko dugu horrelako prozesuren bat gure bizitzan zehar: maite dugun pertsona baten heriotzaren ostean, seme-alabak etxetik kanpo bizitzera joaten direnean, lagun min batekin erlazioa hozten denean… Bakoitzak berea, bere erara eta inongo epairik gabe bizitzeko eskubidea duena.

Ni ere nire dolua bizitzen ari naiz egunotan. Ara hil da. Nire txakurra. Nire familia. Nire beltxa. Eta gaurkoan, nire zaurgarritasuna zuekin konpartitu edo ez zalantza handiak izan ditudan arren, Azpeitia Gukak irekitzen didan leiho hau baliatu nahiko nuke, hitz hauek idazteak ireki berri zaidan zauri hau ixten lagunduko didalakoan, aurrerago bada ere. Eta bide batez, zuek ere bere istorioa ezagutu dezazuen:

Ara, mattie.

Pare bat urte zenituela putzu batetik atera zintuzten, hilik zegoen txakur bat ateratzen ari zirelakoan. Ezer gutxi gehiago dakigu gertaera horren aurreko zure bizitzaz. Ehizarako erabili zintuztela, eta urtero abandonatzen dituzten beste 50.000 galgorekin batera, horixe izan zela zure patua ere. Galgo jaio zinelako, argalegia zinelako agian, edo mantsoegia. Edo beltza. Baina apenas axola digun horrek orain. Zure zoria gure zorion bihurtu zen berehala.

Itxura ahul eta hauskor horren atzean, sekula ezagutu dudan txakurrik indartsuena ezkutatzen zen. Goxoa, alaia, abentura zalea, apur bat sorgina, bizitzaz betea. Berezia. Bakarra. Dardarka etorri zinen eta maitasunez beteta joan zara. Azpeitian ere jende askok ezagutu zaitu, askoren laztanak bilatu dituzu, baita ogi muturren bat lapurtu ere. Asko dira egunotan zutaz oroitzen direnak.

Atzera begira jarrita, bidea beti erraza izan ez arren, zorteko sentitzen naiz azken 11 urte hauetan zure bidelagun izateko pribilegioa izan dudalako. Bizitza beste begi batzuekin begiratzen irakatsi didazulako.

Izarraizko maldek zure falta sentituko dute, nik jada sentitzen dudan bezala. Jarrai dezazula horren zoriontsu izaten, aske korrika, saltoka. Eta lasai, beti gordeko ditut gazta zati bat eta laztan bat zuretzat. Eskerrik asko denagatik, mattie!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide