Atsegin dut goizetako kafe egin berriaren usaina, bereziki furgonetako ohetik usaintzen dudanean. Atsegin ditut lagunarteko algara amaigabeak. Atsegin dut txokolatea. Asko. Mota guztietakoa eta formatu guztietan, izozkian izan ezik. Atsegin dut behelainoak basoan harrapatzen nauen momentua, batez ere bakarrik banaiz. Atsegin dut hainbeste bake ematen didan irribarre hori. Atsegin dut logelatik goizero entzuten dudan enaren kantua. Atsegin dut, txakurrarekin paseatzean, lore bat usaintzen gelditzen den instantea, bizitza bizitzeko eta ulertzeko duen sinpletasuna. Atsegin ditut animaliak eta atsegin dut bizidun berriak deskubritzea; loreak, hostoak, landareak gertutik eta patxadaz behatzea. Atsegin dut naturaren edertasunak nigan sortzen duen liluraz jabetzea. Atsegin ditut ilunabarrak itsasoan eta egunsentiak mendian. Xoxoten bada, hobeto; osabaren alboan bada, ezin hobeto.
Eta nola ez, atsegin dut semeak lehen aldiz eskua heldu zidan unea, semeak eskua heltzen didan une bakoitza.