Langabetua? Bai zera!

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2015ko eka. 4a, 21:21

Pipip, pi... pipip, pi... 09:00ak. Goizegi da oraindik. Iratzargailua itzali eta buelta, lotan jarraitzera.
11:00ak. Pipip, pi... pipip, pi...
Oraindik ere, beste lo pixka bat gehiago egingo nuke...
12:30ak. Pipip, pi... pipip, pi...

Esnatu, dutxatu, ogia erosi eta bazkaltzera. Familiarekin bazkaldu ondoren, lagunekin kalera. Koadrilako askorentzat ere, nire moduan, egun osoan espero dugun une garrantzitsu bakarra da arratsaldekoa. Guztiok elkarrekin, taberna atariren batean, edota lokalean pasatzen ditugu orduak. Askotan, afaltzera ere ez naiz etxera joaten. Lokalean, denen artean pizza batzuk edo ogitarteko batzuk erosi eta Play-an jolasten edo telebista ikusten orduak pasatzen ditugu goizaldeko ordu txikietan etxera joan arte.

Eta berriro buelta hasierako puntura. Hori da azken datu eta ikerketen arabera ia 20 milioi gaztek egunero egiten dutena. Skills Outlook 2015 txostenaren arabera, azken urtean ni-ni kopuruak behera egin du. Eskerrak! Izan ere, 2013. urtean ia 40 milioi gazte zeuden egoera horretan.

Ni bai datu batek zein besteak beldurtu egiten nau, baina larriena ez da hori. Kopuru horren guztiaren ehuneko handi batek ez ikasi, ez lan egin, eta ez lan bila jardun! Dagoeneko nazkatu dira lan bila jarduteaz, horregatik, datuek ez dute etorkizun on bat aurreikusten.

Gazte horietako askok beren ikasketak laga zituzten diru erraza ikusi zutelako krisi aurreko garaietan, hori diote adituek. Ondoren, ordea, ez dute gogorik izan ikastera bueltatzeko, etorkizun ilunak ere ez baitie horretarako pizgarririk eskaini. Nik ez dut horren garbi ikusi.

Garbi dagoena da, gure inguruko egoerak ez duela lan merkaturako sarbidea errazten. Depresio garaietan, zailagoa da landunen multzo horretan sartzea, zailagoa formatu gabe dauden pertsonen kasuan. Baina ez dut uste merkatuak erabili eta enplegatu ez dituen horiek langabetuak izan behar dutenik halabeharrez, gutxiago ni-ni-ak.

Nire lanorduetatik at lan pila egiten dut nik neuk. Askotan, boluntario lana da. Elkarte batean jardun, beste batean aritu, batentzat testu bat sortu, besteari lan bat aurrera ateratzen lagundu... Hori ere lana da. Ordaindu gabeko lana, bai, baina lana. Askotan, ordaindutakoa baino garrantzitsuagoa norberarentzat. Hil amaieran fakturak ordaindu behar ez bagenitu, agian, ordaindu gabeko lan horiekin bakarrik geratuko ginateke askotan. Lantxo horiek bestelako indar bat, poztasun bat ematen diote pertsonari.

Beraz, ez nago ados egoerak horrela behartuta ni-ni-ak sortu direla diotenekin. Ez dut uste, gazteok eta horren gazte ez direnek ere ilusioa galdu behar dutenik egoera ikusita. Badago zer egin, bada non eta nori eskaini denbora... Beraz, langabetua izango zara, agian, baina lan asko eginda eta egiten.

2015eko ekainaren 4an Urola Kostako Hitza-n argitaratutako artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide