Soka luzean

Sagarrondoaren fruituaz

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2024ko abe. 7a, 08:29

(Argazkia: Pixabay)

Amaia Alberdik 2024ko azaroko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzia artikulua da honako hau.

Lagunei bazkariaren aitzakian saldu nien larunbat arratsalderako plana. Gainera, pertsona bakarra motz geratzen zela edozein lanetan, baita oraingo honetan ere, eta lagunduko zidatela. Geroztik, zubi-forma ezin kenduta dabiltza gorputzetik, nirekin gogoratzen dira egunero eta ez dute sagarra inon ikusi nahi. Udazkenean ontzen eta biltzen da sagarra, eta emankortasunaren arabera, sagar urteak bereizten dira. Nire lagunen alde, aurtengoa ez da sagar urtea izan.

Sagar urtea deritzona, bi urtean behin izaten da. Izan ere, sagarrondoaren fruitu ekoizpena biurtekoa da. Honela, urtebeteren aldean zuhaitz batek ekoitziko duen sagar kantitatea nabarmen handiagoa da.

Sagarrondoak fruitua –sagarra– ekoizten du, eta ondorioz, fruitua osatzen duten landareen taldean dago. Landareek fruitua ekoizten dute, horrek barnean daraman hazia ahalik eta gehien zabaltzeko, azken finean, landare amatik urrundu eta eremu berrietan sustraitzeko. Fruitua lorearen obulutegi eraldatua da. Hala, behin lorea polinizatzean, hazia eratu eta obulutegia gizentzen hasiko da, fruitua guztiz ondu arte.

Fruitua, batetik, hazia inguratuko eta babestuko duen gorputza da; bestetik, haziak bere ibilbidean erabiliko duen garraioa da. Aldi berean, hazien sakabanatzean parte hartuko duten animaliak erakarriko dituen elementua ere bada fruitua. Milaka eta milaka fruitu mota daude; azken finean, haziak barreiatzeko beharren arabera landareak ezberdin egokitu baitira. Sagarrondoak fruitu haragitsua garatzen du, gustagarria eta oso nutritiboa, bektore gisara erabiliko dituen animaliek estimatu dezaten.

Esan bezala, sagarrondoa biurteko landarea da. Fruitu-ekoizpenean alternantzia egoteak energiaren erabilerarekin zuzenean du lotura: sagar urtean, sagarrondoak energia eta izerdi guztia zukutuko du sagar eder eta asko ekoizteko. Ondorengo urtean, ordea, fruituen ekoizpena nabarmen gutxiago izango da, atseden hartuko baitu indarrak berreskuratzeko. Sagarrondoen biurteko joera kimaketa bidez arindu omen daiteke, urteroko sagar ekoizpena orekatze aldera; hurrengo lagunarteko bazkarirako aitzakia paregabea!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide