Aspaldi ez nintzen Xoxotera igo, hankek eraman naute, bidea buruz ikasia dute eta. Ibilbidean zehar badago zer ikusi: basoa, larreak, abereak, animaliak eta kareharrizko estalkia, besteak beste. Hala ere, bada nabarmentzekoa den osagai bat Xoxoten; berezia, orduko beharren arabera gizakiak eraikia, eta, orain, paisaiaren elementu bat gehiago bihurtua. Hortxe dago Azketako elur zuloa, noizbait elurra baliotsua izan zenaren adierazgarri.
Elur zuloetan neguko elurra pilatzen zuten, udan izotza izateko. Elurra elur-zuloan sartu eta ongi zapaltzen zuten izotza bihurtu zedin. Geruzetan pilatzen zen elurra, hostoak, lastoa, garoa... geruza artean ezarriz, ogitarteko baten modura. Udan, elurrik ez eta izotza behar zenean, elur zuloko materiala zatitu, atera eta gauean garraiatzen zuten, ondoren erabiltzeko. Elikagai eta edarien tenperatura jaisteko baliatzen bazen ere, elur zuloetatik ateratako izotza sukarra eta minak arintzeko garrantzitsua zen. Oraingoarekin alderatuz, garestia zen orduko izotza eta gutxi batzuen eskura zegoen.
Gu, berriz, ohitu gara elurrik gabeko neguak izaten herrian. Datu meteorologikoetan arakatuz gero, ikus daiteke erregistratutako elurterik handienak 1910., 1930., 1938., 1941., 1953., 1960., 1985. eta 1996. urteetan izan zirela. Azken urteetan, ordea, negurako prezipitazio maila antzekoetan jarraitzen badugu ere, tenperatura epelagoak ditugu orokorrean, eta hori tarteko, geroz eta elur gutxiago egiten du.
Mundu mailako etengabeko beroketa ez da atzoko kontua, ezta Lur planetak dituen izotz erreserbak urtzen ari direla ere. Artikoaren beroketa, esaterako, beroketa globala baino lau aldiz handiagoa da, eta 2030. urtea baino lehen guztiz urtuko dela aurreikusten da. Izotzaren galerak, Lur planeta geroz eta gehiago berotzea eragingo du, eta ordurako ez dugu inongo elur zulorik baliatzerik izango. Elurrak beharretik baino aisialditik gehiago du gaur egun, baina oraingoan, elurra sortzeko makinak nahikoak ote dira etorkizuneko eski pista beltzetik behera jaisteko?