Edozein dela prestatzeko modua, egosita, frijitua, beteta, tortillan... Ez naiz aspertzen arrautza jateaz. Etxe gehienetako sukaldean ezinbesteko elikagaia da, eta otordu askoren osagaia. Ondorioz, ez da kasualitatea mundu mailan gehien kontsumitzen diren hamar elikagaien zerrendan arrautzak bosgarren postua izatea. Asko erabiltzen dugun produktua izateaz haratago, oiloek beren enbrioiak elikatzeko eta babesteko sortzen dituzten egiturak dira.
Kask-kask! Arrautza ertz batean kolpatu eta eskuen laguntzaz hustu ostean, bere osaeraz erraz jabetu gaitezke. Eskuetan geratuko zaigu oskola, enbrioia babestuko duen arrautzaren estalki gogorrena da, eta era berean, porotsua da, inguruneko uraren eta gasen trukea bermatu dezan. Arrautza hustu dugun ontzian, eta azkar bereizi ditzakegu zati bi: zuringoa eta gorringoa. Batetik, zuringoak, gorringoa babestuko du, eta enbrioiaren proteina eta ur iturria izango da. Gorringoa, bestetik, oiloaren obulua da, eta hor itsatsiko da enbrioia; eta, gantz, proteina eta urez osatuta dagoenez, enbrioia elikatuko du.
Enbrioiak arrautzaren beharra badu ere, arrautza berdin-berdin osatuko da ernalketa izan ala ez. Oiloek egunero arrautza bat erruten dutela esan ohi da, baina oiloen errunaldia, batez ere, udaberrian hasi eta uda arte luzatzen da. Oiloen errute garaian gaude, beraz. Urtaro hauetan, eguzkiaren argi orduak gehiago dira udazkenean eta neguan baino, oiloentzako elikagai gehiago dago eskuragarri eta beren arrautzak txitatzeko eguzkiaren berotasuna baliatzen dute.
Eguzkiaren argiak oiloen errutea estimulatzen du hormonen bitartez, eta erruten jarraituko dute habia arrautzez bete arte. Ondoren, oiloak, habi betea txitatuko du. Gizakiak, ordea, prozesu natural hori aldatu egin du arrautza ekoizpena handitzeko mesedetan. Eguneroko oilotegirako itzulian, oiloek errundako arrautzak jasotzen ditugu, habiak hustuz. Hori dela eta, oiloek arrautzak erruten jarraituko dute ia egunero, beren ahaleginean, noizbait habia guztiz beteko duten esperantzan.