Soka luzean

Lurra erregai

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2025eko azaroaren 27a

Zarrakazteluko sutea itzaltzeko lanak. (Orain)

Amaia Alberdik urriko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ohikoa da beroa udan; aurtengoa ere berotik joan da leku askotan. Eguerdiko eguzkiak, urtero bezala, estutu gaitu hainbatetan, eta loa kendu digu, ezkutatu denean ere, gauak epeltzean. Eguzkia ez da izan lurra kiskaltzearen arduradun bakarra, ordea; suak hartu du protagonismoa 2025eko udan. Espainiako Estatuan ia 400.000 hektarea erre dira, eta Euskal Herrian Zarrakaztelukoa [Nafarroa] izan da suterik handiena, 220 hektarea errauts bilakatuta. Kasu batzuetan, suteen jatorria ezezaguna bada ere, gehienak pertsonek nahita eragindakoak izan dira.

Bistakoak dira suteek eragindako kalteak: dena erre da. Sua hauspotu duten eragile abiotikoak –edo bizigabeak– hainbat izan dira: haizea zakar ibili da, dena lehor zegoen eta tenperatura goia jota. Horiei, gainera, eragile biotikoak gehitu zaizkie, sastrakadi eta basoak suaren erregai bikainak dira, eta estaltzen duten azalera zabala dela-eta sua etenik gabe hedatu da.

Maiz ikusi genituen traktoreak suteen aurkako suebakiak egiten. Lurra lantzean bertako landaredia lurperatzen zuten, suari erregaia kenduz, eta ondorioz, aurrerabidea eragotziz. Horrelako suebakiak unean uneko neurriak dira, suteen kaltea murrizte aldera egindakoak. Naturan, ordea, badaude suebaki modura dihardutenak; izan ere, ura eta erregai begetal gutxi duten eremuak ez dira suaren pizgarri. Larre belardiak dira horren adibide; eremu horietan, belarjaleak landarediaz elikatzen dira, eta horrenbestez, suari erregaia kentzen diote.

Geroz eta hutsagoa dagoen landa eremuan, nekez dabiltza abereak larratzen, bideak jada ez dira bide eta sastrakak erraz jantzi du soroa. Esan daiteke erregai begetala pilatzen ari garela gure landa eremuan, baina lehenago, material hori bera, elikagai, ongarri edota energia bilakatzeko erabiltzen genuen.

"Sasi artetik atera gabe, Azpeititik Bergararaino irits zaitezke!", esan zidan lagun batek orain dela urte batzuk. Gehiagora joango zen noski, baina gure erabakia da bizirauteko baliatzen genuen lurraren ordez suak erraz hartuko duen erregaia izatea nahi ote dugun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide