Izen potoloegia da eta, ziur nago, behin eta berriz entzun badugu ere, ez dugula guztiz ondo ulertzen bere esanahia. Bio- aurrizkiak, izaki bizidunekin lotura duela adierazten digu; -dibertsitate hitzak ondoren, aniztasunari egiten dio erreferentzia. Sarri, aniztasuna eta ugaritasuna nahas ditzakegu. Ingurune batean izaki bizidun ugari daudela esatean, kantitateaz ari gara hitz egiten, asko edo gutxi izana. Aldiz, aniztasunaz jardutean, ingurune bateko izaki bizidun ezberdinen kopuruaz ari gara, eta horien ugaritasunaz.
Ea, imajinatu ditzagun bi arrainontzi eta arrainontzi bakoitzean sei arrain. Bateko sei arrainak berdinak dira, laranjak, mantsoak, eta krustazeo txikiak jaten dituzte. Beste arrainontzian, bi arrain beltz daude, bi urdin, zuri bat eta laranja bat. Horiek ere, beste arrainontzikoak bezala, mantsoak dira igerian, baina batzuk gustura dabiltza arrainontziaren hondoan, eta beste batzuk, ur azalean. Elikadurari dagokionez, arrain beltzek eta urdinek algak jaten dituzte, eta zuriek eta laranjek krustazeo txikiak.
Bi arrainontzietan daude sei arrain: batean, ordea, bestean baino aniztasun handiagoa dago; bai itxuraz, bai portaeraz eta bai elikaduraz ere. Horrenbestez, arrainontzi hori bestea baino biodibertsoagoa da.
Bizi forma guztietara hedatzen da biodibertsitatea, izan animalia, landare, bakterio, onddo edo protozoo. Izaki bizidun horiek Lur planeta partekatzen dute, baliabide ezberdinak erabiltzen dituzte, bakoitzak du bere tolerantzia eta harremantzeko era, besteak beste. Aniztasun horrek zuzenki eragiten du ingurumenaren funtzionamendu egokian, egonkortasuna bermatuz. Ondorioz, esan genezake biodibertsitatea ezinbestekoa dela gizakiaren biziraupenerako.
Gu komunitate biologiko honen kide bat gehiago besterik ez gara. Nonbait, ostera, ez gara gure mugetan sartzen, eta Lurreko biodibertsitatea suntzitsen ari gara, gehiegizko baliabide naturalen eskaera eta kontsumoa dela eta. Martxa honetan, arrainontziko ura ere isuriko dugu, eta orduan jabetuko gara bertan bizi(-dun) ginela.