Gure inguruko gainetan elurra ikusterik izan dugu aurten. Gero eta gutxiago sentitu arren, estalki zuriak gogorarazi digu negua dela oraindik. Azken urteetako datuak begiratzea besterik ez dago, gero eta negu epelagoak ditugu eta tenperaturaren goranzko joerak ez du etenik. Mundu mailan berdin ari da gertatzen, eta berotze globalaz hitz egiten dugu: Lur planetaren gainazaleko tenperaturaren igoeraz.
Hotzaren nostalgia dugunok, hotzaren beharraz jabetzen gara. Landareen fisiologian, esaterako, hazkuntza eta loraldia abiatzeko, hotz orduen pilaketa ezinbestekoa da. Udazken-neguan, landareek ez dute erantzuten estimulu naturalen aurrean, lo egoeran edo sorgorraldian baitaude. Hortik esnatzeko, 7,2 gradutik beherako hotz orduen pilaketa behar dute landareek, negua amaitu dela ziurtatzeko eta udaberriari ekiteko. Txermenaren kasuan, 800 eta 1.000 arteko hotz orduen pilaketa behar du sorgorralditik esnatu eta hazkuntzarako hormonak martxan jartzeko.
Berotze globalaren eraginez, ordea, landareen fisiologia egoki baterako beharrezkoak diren hotz orduen gutxieneko pilaketara iristea lan nekeza ari da bihurtzen. Horrek, nahi eta nahi ez, negatiboki eragiten du landarearen hazkuntzan. Besteak beste, loraldia atzeratzea eta aldakorra izatea hotz faltaren eraginak dira. Ondoren, fruitu irregularrak hazten dira eta kalitatea eta ekoizpena nabarmen txikiagoak dira.
Funtzionamendu egoki baterako beharrezkoa da hotza, beraz. Baina, tenperaturaren joera orokorra ikusita, hotzaren mendekotasuna duten frutarbolak agurtzen hasi gaitezke jada, baita horien fruituak zein horien loreen bila lanean diharduten polinizatzaileak ere; dena baitoa katean.
Hotz orduen pilaketak erreakzio kimikoak abiarazten ditu eta, hotzaren gabezian, gizakiak ez du esku hartzeko aukerarik galdu. Frutagintzan, konposatu kimikoak erabiltzen ari dira hotz orduen efektua berdintzeko eta landareen funtzionamendu naturala bultzatzeko.
Beti esan izan da eguraldia kontrolatu ezin dugun zerbait dela. Berotze globalaren testuinguruan, ostera, badugu zer egina!