Soka luzean

Turtokien dantza Igaran

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2026ko maiatzaren 15a

Igarako errota. (Ekoetxea)

Amaia Alberdik apirileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Irin lantegien aldean eraginkortasun txikia zutela eta, XX. mendearen hasieran irin errota gehienek beren jarduna eten zuten. Gaur egun, izan ziren erroten arrastoak eta horma eroriak paisaiaren elementu bilakatu dira. Gipuzkoan behintzat, etnografoen esanetan, 950 errota galdu direla estimatzen da. Halere, XVII. eta XVIII. mendeen adierazgarri, errota gutxi batzuek zutik eta martxan jarraitzen dute. Gure udalerrian, ondare historikoaren eta kulturalaren adibide da Igarako errota, 1690. urtean eraikia eta Sistiaga errekaren altzoan kokatzen den irin errota.

Igarakoa errota hidrauliko bat da, alegia, uraren indarrak mugiarazten du. Horretarako, Sistiaga errekaren ura, ubide baten bitartez, errotara desbideratzen da. Urtegi bat bailitzan, ura Igarako errotaren gainaldean pilatzen da ondoren. Ur biltegi horren 6,5 metroko sakonerari esker, urak energia potentzial nahikoa metatzen du, eta bat-batean sarraila irekitzean, turtokia edo errotaren azpialdean kokatzen den gurpila mugiarazten. Turtokiak bere ardatz bereko bolandera edo gaineko harria lanean jartzen du, eta horrek, zolarriaren edo beheko harriaren aurka aleak ehotzen ditu. Behin aleak birrinduta, irina lortzen da.

Bi gurpil eta bi errotarriko irin errota da Igarakoa, garai hartako gehientsuenak bezala. Gari eta arto aleak birrintzen ziren bertan, bakoitza bere errotarrian. Lehiatu ezinak, ordea, irin erroten gainbehera ekarri zuen, eta asko bilakatu ziren indar etxe: inguruko baserrietarako argindarra sortzen zuten. Sare elektrikoa orokortu zenean, ordea, betirako gelditu ziren. Irin eta argi eskariak baino, busti nahi duten gazte ausartek mugiarazten dute Igarako errota egun; atzerako kontaketa abiatu eta zerora iristean, sifoietatik ura atera eta turtokiaren dantzak denak zipriztintzen ditu. Izan ere, errota zaharra hezkuntza gela bilakatu da eta bisitentzako prestatuta dago.

Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko da maiatzaren 17an, eta Igarako errotak ateak zabalduko ditu, beste 30 bat udalerritako errotek egingo duten bezala. Denboran atzera egin genezake egun batez, eta atarian, ur jauzi txiki batek agurtuko gaitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide