Soka luzean

Ibaiaren kolore gardena

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2026ko abuztuaren 27a

Koartza hauskara bat. (Bengt Nyman / Wikipedia)

Amaia Alberdik ekaineko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Horia, gorria edo zuria izan zitekeen ibaiaren kolorea Tolosan, egun horretan tindatzen zen paperaren kolore berekoa. Isuri bezain pronto, tindaketak ibaian behera jarraitzen zuen, etenik gabe. Papergintza ez zen bere urak ibaira isurtzen zituen industria bakarra, ohikoa baitzen ibaia zabortegi modura erabiltzea. Gainontzeko herrietan berdin gertatzen zen, eta hala izan da urte luzez.

Egun, zorionez, gure ibaien egoera asko hobetu da. Ur zikinen tratamendurako azpiegituren eta instalazioen lana tarteko, ura garbi itzultzen da ibilgu naturalera, ibaiaren kalitatean zuzenki eraginez. Oraindik, ordea, badago zer egina: mota guztietako hondakinak ikus daitezke ibaian. Esaterako, uraren kolorea asaldatuta ez da egoten, baina plastikozko ontzi arinez betea bai ibaia, herriko plazan izan dugun azken topaketa jendetsuaren ostean. 

Ibaiaren kalitatea neurtu egin daiteke. Horretarako, parametro fisiko eta kimikoak hartzen dira kontuan eta, horien emaitzen arabera, ibaiko uraren osasuna zein den jakin dezakegu. Kolorea, uhertasuna eta tenperatura neurgarriak diren parametro fisikoak dira. Aldiz, oxigeno eskuragarria, pH-a eta nitrato edukia kontuan hartzen diren parametro kimikoak dira. Neurgai horien emaitzek ura bizigarria ote den edo ez esango digute.

Parametro horiez gain, ibaian ikus ditzakegun izaki bizidunek ere ibaiaren kalitatearen berri emango digute. Bioindikatzaile deitzen zaie, eta horien presentzia edo absentzia ibaiaren osasunaren adierazle da. Koartza hauskararen ekologia, adibidez, kalitate hidriko onari zuzenki lotua dago. Kutsadura kimikorik gabeko ur gardenak ditu gustuko koartza hauskarak, harrapakina aurkitu eta arrantzatzeko. Ibaiertzeko basoa eta biodibertsitate trofikoa ere beharrezkoak ditu, ondo elikatu eta bere kabia bertan kokatzeko. Koartza hauskara ikusten badugu, beraz, ibaiaren kalitate onaren seinale. 

Zortekoak gara, Loiolako zuhaitzen artean ezarri baitu kabia koartza hauskara bikote batek. Hegan suma ditzakegu hara eta hona, ibaiaren ekosistema osasuntsuari esker.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide