Soka luzean

Sagar gogorrari kosk

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi

(Argazkia: Pixabay)

Amaia Alberdik iraileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Kosk eta kosk, kosk eta kosk... Ekainaren amaierarako irentsi genituen gure lurraldeak urte guztirako zituen baliabide naturalak. Lur planetak baliabide naturalak birsortzeko gaitasuna dauka, baina aurrea hartzen diogu urtero; gainera, geroz eta lehenago agortzen ditugu baliabide naturalak, Lurraren eta gure mugetatik kanpo gabiltzan seinale. Egoera hau zenbakietara itzuliko bagenu, uztailean, baliabide natural eskuragarrien markagailua argia zen: zero azpikoa eta gorria.

Baliabide naturalen gehiegizko kontsumoaren erakusgarri dira baso soiltzea, lurraren eta biodibertsitatearen galera eta CO2aren pilaketa atmosferan. Horiek guztiek, odolkiak ordainetan, azkenaldian geroz eta ohikoagoak diren muturreko fenomeno meteorologikoak –lehorte iraunkorrak, uholdeak eta bero boladak, besteak beste– areagotzen dituzte. Azken horiek, katean, ekosistemak gogor kolpatzen dituzte, eta elikagaiak ekoiztea geroz eta zailagoa da. 

San Joan sagarraren uzta, esaterako, bero boladek guztiz asaldatu duten uztetako bat izan da. Izenak adierazten duen moduan, San Joan egunaren bueltan heltzen den sagarra da San Joan sagarra. Aurten, zeharo nahasita ibili da ekainaren amaierarako. Muturreko beroek erre egin dute sagarraren azala ale askotan, eta heldu aurretik zuhaitzak bota dituen aleak ere izan dira.

Etilenoa sagarrak ekoizten duen gasa da, eta hormona modura funtzionatzen du. Horren helburua fruitua heltzea eta zuhaitzetik askatzea da. Sagarraren kolore aldaketa eta biguntzea etilenoak abiarazten dituen prozesuak dira, baita adarraren eta txortenaren lotura ahultzea ere. 

Naturalki, heltzea eta askatzea etilenoari esker koordinatzen diren prozesuak dira. Bero boladek, ordea, erritmoa hausten dute: beroak etilenoaren gehiegizko ekoizpena eragiten du, eta txortena adarretik askatzen da fruitua heldu baino lehen.

Muturreko fenomeno meteorologikoen gertaerak geldiezinak dira eta moldatzea besterik ez zaigu gelditzen. Erredurak, heldu gabeko fruituak, deshidratazioa... dira erein dugunaren etorkizuneko uzta.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide