Gogoan dut kontzientzia politikoz bizi izan nituen lehen hauteskundeetan telebista aurrean emaitzak ikusi ahala negar malkoak erori zitzaizkidala masailetik behera. Ezin sinetsita gelditu nintzen. Hain anker eta zikoitz jokatzen zuen alderdi hari botoa emateko arrazoirik ez nuen ikusten. Alderdia ordezkatzen zuen gizontxoa Drakula bera izanik, gainera. Eta, hala ere, bozka eman zutenen gehiengo oso batek erabaki zuen hari boterea ematea.
Igaro dira ordutik hainbat negu. Baita beste hainbat loraldi ere. Ez lehengo inozentziaz, ez. Aitzitik, gogoz eta interesez bizi izaten ditut halako hitzorduak. Aurten, areago. Udaberriko loraldiak, sentimendu kontrajarriak eragin dizkit. Gazi-gozoak. Batzuk pozgarri, ilusionagarri. Gora Nafarroa! Beste batzuk, berriz, asaldagarri.
Eta udako lehen egun sargoriaren biharamunean ere, hotz samar geratu naiz. Egia da, bai, jende asko elkartu garela gure herriaren erabakitze eskubidearen alde, ehunka norbanako urte osoan lanean aritu ostean, herritik eta herriarentzat sortutako ekimenean. Baina aitor dezagun, ez da nahi eta amestu genuen bezain beroa izan. Hala ere, hori ez da etsitzeko arrazoi. Urratsak egitea baitugu helburu. Hautsa harrotzea. Bidea urratzea. Gure esku dago eta.
Udazkenera begira jarrita, haize zirimola hasia da. Ustel kiratsa darion sistema eraberritzeko gogoa badabil. Aldaketa aldarrikatuz eta jorratuz ari dira herritar ugari, modu batez edo bestez. Zenbateko indarraz? Ikusteko dago. Zirt edo zart egitea baino, haize ufadaren norantza izango zaigu freskagarri.
Uztaileko Uztarria aldizkarian kaleratutako artikulua.