Boteprontoan

Fikziotik harago, eskolako errealitatea

Erabiltzailearen aurpegia Ane Olabarria 2026ko ekainaren 28a

(Argazkia: Pixabay)

Ane Olabarriak maiatzeko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Goizero, klasea hasi aurretik, patioak eta gelak jada hitz egiten dute: begiradetan, harremanetan, isiltasunetan. Liluratzen nau txirrina jo aurreko minutu horiek behatzeak. Ez da beti agerikoa, baina hor dago.

Ez zait gustatzen bullying hitza. Literatura zientifikoak hiru baldintza aipatu arren, ez da beharrezkoa guztiak betetzea min egiteko; egoera bakar batek ere ondorio mingarriak izan ditzake. Horregatik, nahiago dut zero indarkeriaz hitz egin.

"Nire gelan ez da horrelakorik gertatzen" entzuteak kezka sortzen dit. Baita eskola indarkeriarekin lotutako serie edo film bateko istorioei buruz "ze gogorra pertsonaia horri gertatutakoa" esaten denean ere. Are gehiago kostatzen zait haserrea ezkutatzea. Batetik, sufritzen ari direnen ahotsa isilarazten dugulako; bestetik, arreta fikzioan jartzen dugulako, benetako arazoa gure inguruan dagoenean.

Ez da erraza identifikatzea, baina badira bideak. Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuek, hala nola Zero Indarkeria Ausarten Klubak edo Solasaldi Dialogikoek erakutsi dute posible dela bizikidetza hobetzea eta indarkeria murriztea.

Maiatzaren 2ak, Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Egunak, errealitate hori gogorarazten digu, baina lana egunerokoa da: guztion artean indarkeriarik gabeko hezkuntza eraikitzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide