Boteprontoan

Lotsatik harrotasunera

Erabiltzailearen aurpegia Ane Olabarria 2026ko abuztuaren 12a

(Argazkia: Pixabay)

Ane Olabarriak uztaileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Adingabeen aurkako abusu kasu bat argitara ateratzen denean, erakunde askok beren irudia babestea lehenesten dute, biktimak eta haiei babesa ematen dieten pertsonak babestu beharrean.

Adingabeen aurkako abusuak mundu mailako gaitza dira, eta gizarte zein erakunde esparru guztietan gertatzen dira. Horregatik, erakunde jakin batean kasu bat salatzeak, ez du esan nahi bertan beste leku batzuetan baino abusu gehiago daudenik. Aitzitik, erakusten du badaudela isilik gelditu eta beste aldera begiratzeari uko egiten dioten pertsona ausartak; zoritxarrez, oraindik ohikoa ez den jarrera.

Erakundeek ez lukete kezkatu behar kasuak ezagutzera ematen direlako, ezkutuan mantentzen direlako baizik. Benetako porrota ez da salaketa, isiltasuna eta estalketa baizik.

Gainera, ez dira biktimak bakarrik babestu behar. Funtsezkoa da haien alde egiten dutenak eta defendatzen dituztenak ere babestea. Ikerketa ugarik erakutsi dute pertsona horiek errepresaliak, isolamendua edo prestigio galera jasan ditzaketela biktimen alde kokatzeagatik. Fenomeno horri indarkeria isolatzailea deitzen zaio.

Abusu mota oro gaitzesten duen gizarte batek aitortu eta babestu egin behar ditu bai salatzen dutenak, bai biktimen alboan daudenak ere. Argitara ateratzen den salaketa bakoitza isiltasuna hausteko eta abusu berriak prebenitzeko aukera bat da. Erakundeentzat mehatxu izan beharrean, harrotasunerako arrazoia izan beharko luke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide