Boteprontoan

PISA

Erabiltzailearen aurpegia Ane Olabarria

Ane Olabarriak urriko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

PISAren Euskadiko emaitzen aurrean, Hezkuntza sailburuak diagnostikoaren garrantzia azpimarratu du. Eta bai: datuak behar ditugu. Zer gertatzen ari den jakin behar dugu. Baina diagnostikatzeak ez du eraldatzen.

Denbora asko eman dezakegu emaitzen okertzearen arrazoien bila: pantailak, euskara, immigrazioaren gorakada… Gai horiek zorroztasunez eta ebidentzietan oinarrituta aztertu behar dira, ez azalpen sinplistetan eta iritzietan oinarrituta. Okerrera zergatik egiten ari garen azaltzera mugatzeak ez du ezer eraldatzen, baldin eta ez bagaramatza funtzionatzen duena martxan jartzera.

Nahikoa da irakasleak prestakuntzaz, programaz eta ebidentzia sendorik gabeko burutazioz betetzeaz. Irakasleen denbora baliotsuegia da eraginkortasuna frogatu ez duten ekimenetan galtzeko.

Jada literatura zientifikoak identifikatu ditu inpaktu sozial eta hezitzaile positiboa sortzen duten jarduerak: Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak. Zergatik ez jarri horiek hezkuntza politiken erdigunean?

Hezkuntzak ez ditu burutazio gehiago behar, Inpaktu Sozialeko Ebidentzia Zientifikoak zorroztasunez aplikatzea baizik. 

Diagnostikatzea beharrezkoa da, bai. Baina has gaitezen funtzionatzen duena martxan jartzen eta bermatu dezagun Euskadiko ikastetxe eta ikasle guztiengana iristea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide