Joan den ostiralean, Azpeitiko Basazabal jauregian, trailbuilders edo mendiko bidegileentzako topaketa berezia egin zen. GIMBEren (Gipuzkoako Mendi Bizikleta Elkartea) proposamenetik abiatuta, Arauntza Riderseko kideek etxean hartu zituzten Gipuzkoako hainbat herritatik etorritako 30 bat builder, bakoitza bere proiektu propioarekin.
Trailbuilders deitzen diegu mendiko bideak sortzen, egokitzen edo mantentzen dituzten boluntarioei zein profesionalei. Haien lana ezinbestekoa da mendiko bizikletazaleentzako ibilbideak egoera onean mantentzeko eta ingurunea zainduz erabiltzeko.
Topaketaren helburua Trailforks aplikazioaren erabilera eta potentziala ezagutzea izan zen. Trailforks mendiko ibilbideak mapan jasotzeko eta partekatzeko mundu mailako plataforma bat da, bideak modu antolatuan kudeatzeko tresna oso erabilgarria.
Horretarako, GIMBEko ordezkariak eta Trailforks Espainiako arduradunak etorri ziren Azpeitira, parte hartzaileei hitzaldi praktikoa ematera. Gipuzkoako bederatzi udalerritako bidegileek beren esperientziak partekatzeko aukera izan zuten Basazabalen, eta elkarlanaren bidez etorkizuneko erronkak partekatu zituzten.
Ekimen arrakastatsua izan zen ostiralekoa, eta aurrerantzean ere horrelako jardunaldi gehiago antolatzeko nahia agertu zuten antolatzaileek.